Gaur hasiko da Bertso Astea 2007

Uztarria.eus 2007ko ots. 23a, 11:02
Bertso Astea 2007 iragartzen duen kartela.

Lizaso eta Egañarekin gaur bertso afaria izango da Azkoitiko Martitten

Erniarraitz Bertsozale elkarteak aurten ere antolatu du Bertso Astea. Aurtengorako hiru ekitaldi nabarmendu dituzte eta gaur abiaraziko dute aurrenekoa: Martitten bertso afaria izango da. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak arituko dira bertsotan.

Bertso Astearen gainontzeko ekitaldiak aurrerago izango dira. Datorren ostiralean, martxoaren 2an Bertso Txapelketa azkarra izango da Errezilgo Borondegi tabernan. 20:30etan hasiko da eta Bertso Parrandan parte hartu zuten kideen artean egingo da txapelketa azkarra.

Hurrengo ekitaldia ere ostiralean izango da, martxoaren 9an. AEKrekin elkarlanean eta Korrika Kulturalaren baitan, “Gu ta gutarrak” emanaldia eskainiko da. Igor Elortza eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan eta Josu Zabala, Aitor Rubio eta Xanpek musikarekin girotuko dute emanaldia. “Gut ta gutarrak” gaztetxean izango dira, 22:30etan.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Bertso Astea bertso formatuan aurkeztu digu bere blogean.