Martxoak 8ko kartel lehiaketa martxan da

Uztarria.eus | Gizartea
2007ko urt. 31a, 19:01

Otsailaren 17a da kartela aurkezteko azken eguna

Aurreko edizioko kartel irabazlea  Argazki originala

Martxoaren 8an izango da Emakumearen Nazioarteko Eguna. Egun hori aitzakia hartuta antolatu du Urola Kostako Koordinadora Feministak, urtero bezala, martxoaren 8rako kartel lehiaketa. "Egunaren sinbologia eta emakumeei zor zaizkien eskubideak lau haizetara zabaldu eta horretaz pentsatzen jartzea da egitasmoaren helburua", azaldu du Maite Segurola Urola Kostako Koordinadora Feministako kideak. "Urtez urte, lehiaketan gero eta jende gehiagok parte hartzen du" adierazi du. Segurolaren hitzetan, "jende gaztea izan ohi da gehienbat parte hartzen duena, eta nabari da era honetako lanetarako ordenagailua gero eta jende gehiagok erabiltzen duela".

Gizon zein emakume, aukera berdinak izango dituzte batak ala besteak. "Ez dugu genero bereizketarekin jokatzen. Lehiaketan emakumezko zein gizonezkoek aukera berdinak dituzte. Izen abizenak kartazal barruan jasota aurkezten dira eta guk lanak baloratzen ditugu izena jakin gabe" azaldu du eta gaineratu, "duela bi urte, esaterako, 16 urteko mutil batek irabazi zuen lehiaketa".

Betebeharrekoak

Emakumearen eskubideak izan beharko dute gaitzat kartelek eta A3 formatuan aurkeztu beharko dira. Hortik aurrera, gaia, estiloa eta kolorea libreak izango dira. Hala ere, aukeratutako lemak garrantzia izango duela adierazi dute Koordinadora Feministako kideek. Kartelak otsailaren 17rako (larunbata) aurkeztu beharko dira eta bidali beharrekoak honakoak dira: kartela bera, datu pertsonalak kartazal baten barruan eta aukeratutako lema kartazalaren azalean. Lanak Urola Kostako Emakume Taldeak duen egoitzara aurkeztu beharko dira: Urola Kostako Emakume Taldea. 139 P.k. 20720 Azkoitia.

Aste feminista

Martxoaren 8rako kartelaren lehiaketa ez da izango Urola Kostako Koordinadora Feministak antolatuko duen ekimen bakarra. Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, aste feminista ari dira antolatzen Koordinadora Feministakoak. Martxoaren 5ean hasi eta 11 arte izango da aste feminista eta beste ekimenen artean, emakumeen eskubideen karta osatzea izango da helburuetako bat.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu