Udalak dio kiosko gainera ez igotzeko festetan, "egoera txarrean" dagoelako

Uztarria 2007ko urt. 17a, 19:01

San Sebastian bezperan danborradan bandera igotzeko garaian presoen aldeko solidarioak igo egiten dira kiosko gainera

Aparkalekuez eta sokamuturraz ere atera ditu oharrak Udalak, eta danborradaren urteurreneko zapiak salgai dituela ere esan du

Sansebastianak direla-eta, Azpeitiko Udalak hainbat ohar jakinarazi nahi dizkie herritarrei.

Plazako kioskoa

Azpeitiko Udalak herritar denei jakinarazi nahi die Plaza Nagusiko kioskoa "egoera txarrean" dagoela; "ezin dio pertsonen karga edo zamari eutsi". Hori dela-eta, "Udala ez da ohar hau kontuan ez hartzearen ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule izango".

San Sebastian bezperan danborradan bandera igotzeko garaian presoen aldeko solidarioak igo egiten dira kiosko gainera, aldarrikapenak egitera.

Aparkalekuak

San Sebastian bezperan eta egunean honako aparkalekuak egongo dira Azpeitian: Betharrametako patioa, Oktogonoko patioa eta Jesuitinetako patioa.

Udalak garajea duten herritarrei eskatu die egun horietan norberaren autoak euren garajetan gordetzea.

Sokamuturra

Sokamuturra San Sebastian egunean eta hurrengo egunean izango da. San Sebastian egunean lehendabizi 12:00-12:30 bitartean eta gero 16:30-20:00 bitartean, eta hilaren 21ean (igandean) 16:30-20:00 bitartean.

Kaleak eta plazak: Perez Arregi plaza, Erdi kalea, Plaza Nagusia, Goiko kalea, Olazko Amaren plaza, Bustinzuriko errebala, Hartzubia, Iturri Txiki kalea, Santiago kalea, eliz ataria, Eliz kalea, Plaza Txikia eta Enparan kalea.

"Ahalik eta kalte txikienak gerta daitezen", bi eskaera egin ditu Udalak: "Kale horietan kotxerik ez aparkatzea, eta denda eta tabernak babesteko behar diren neurriak hartzea".

"Ohar hauek kontuan ez hartzearen ondorioz gerta litezkeen kalteez Udalak ez du erantzukizunik izango".

Danborradako zapiak

Danborradaren 50. urteurrena dela-eta Udalak balkoietan zintzilikatzeko zapiak atera ditu, eta bi eurotan izango ditu salgai, udaletxeko arkupeetan, ostegunean eta ostiralean. Ordutegia: 9:00etatik 13:00etara.