'Hitza eta erabakia' aldarrikatuz, manifestazioa izan da

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 15a, 10:01

Abenduan 300 herritarrek abiarazi zuten kanpainari amaiera eman diote manifestazio jendetsu batekin (Urola Kostako Hitza)

"Euskal Herriari hitza eta erabakia" aldarrikatuz 300 herritar inguruk deitutako manifestazioa egin zen atzo, Azpeitiko kaleetan zehar. "Sigla eta elkarte guztietatik aparte, beraien hitza eta erabakiaren ahalmenaz herritarrek egindako manifestazio" deialdiak jende ugari bildu zuen.

Abenduan zehar, hainbat herritar beraien hitza entzunarazteko elkartu zen herrian: "Gure ahotsak oihartzuna izan dezan, esateko daukaguna, egiteko daukaguna inork baztertu ez dezan", zioten argitaratutako idatzietan. Langileek osaturiko agerraldia lehenik, emakumeena gero eta gazteena azkenik; agerraldi bakoitza argazki banakin irudikatu zuten. Azpeitian egindako kanpaina horri amaiera emateko egin zuten atzoko manifestazioa.

Ā«Politikariak gaur (atzokoagatik) Bilbon bilduko diren bitartean, sigla, alderdi eta ideia jakinetatik aparte, Azpeitian herritarrak bilduko dira, Hitza eta erabakia eskatuz. Pentsamentu, adin eta era desberdineko jendea batuko da, beren ekimenez. Inolako taldetan batzen ez den jendea, Hitza eta erabakia leloa bere eginezĀ», adierazi dute.

Horrela, kanpaina honetan parte hartu duten herritarrek euren hitzaren indarra baliatu nahi izan dute "aro politiko berri bati ateak zabaltzeko". "Protagonismo faltsurik bilatu gabe protagonista izan nahi dugu, eta dezakegun neurrian aurrera egiten lagundu. Izan ere, prozesu politikoak une zailak bizi dituen honetan, ez genuke usteltzen utzi nahi. Ez behintzat herritarron parte- hartzearen faltagatik, adore ezagatik... Sigla eta elkarte guztietatik aparte, norbanakoaren askatasunez egin nahi izan dugu gure ekarpena. Norbanakoaren askatasunez eta norabide jakin batean: gatazka politiko eta armatua gainditzeko norabidean", diote.

"Gatazka politikoa konpondu nahi bada, gatazka zerk sortzen duen aztertu beharko genuke", gaineratu dute. Gakoa euskaldunoi erabakitzeko eskubidea ukatzean dagoela uste dute. Eta, "euskal herritarroi etorkizuna erabakitzeko eskubidea errespetatuz konponduko da gatazka", herritar hauen iritziz.

Elkarte eta alderdi politikoei euren alea jar dezaten eskatu diete, "izango baita ekarpen gehiagoren beharra aurrerantzean ere, ikusitakoak ikusita".