Ilunpe, 'Berria' Txapelketan

Uztarria 2007ko urt. 4a, 13:01

Lehiaketa urtarrilaren 13an hasiko da eta 24 taldek hartuko dute parte

Azpeitiko taldeak lehen kanporaketa Donostian jokatuko du, otsailaren 11n, Oizperen (Berriz) aurka

Berria egunkariak, Euskal Herriko Pilota Konfederazioak, eta Hernani eta Altzako udalek antolatuta laugarren aldiz jokatuko dute aurten Berria Txapelketa. Afizionatu mailako Euskal Herriko taldeek hartuko dute parte.

Ilunpe Azpeitiko pilota elkartea izango da parte-hartzaileetako bat. Lehen kanporaketa Donostian, Altzan jokatuko du Ilunpek, otsailaren 11n, Oizperen (Berriz) aurka. Partida irabaziz gero, martxoaren 10ean jokatuko luke bigarren kanporaketa, Zizurren.

Txapelketan 24 taldek parte hartuko dute; Euskal Herrikoak dira 23 talde eta bat Errioxakoa (Espainia), Ezkarai taldea. Hiru hilabetez afizionatuetako puntako pilotariak elkarren kontra ariko dira. Hernani eta Altzako frontoietan jokatuko dira partidak, aurreko urteetan egin izan den bezala. Taldeak sei pilotariz egongo dira osatuta. Kanporaketa bidezko lehiaketa da; tanto gehien egiten duenak egingo du aurrera.