Xapios taldeak irabazi du Erniarraitzen III. Bertso Parranda

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 2a, 14:01

Mak taldearen aurka gailendu ziren, jendez gainezka zegoen Azpeitiko Gaztetxean jokatutako finalean (Urola Kostako Hitza)

Xapios taldea osatzen duten Xabier Azpillaga azpeitiarrak eta Jokin Susupe Pio eta Silbia Etxaniz azkoitiarrek irabazi dute Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako III. Bertso Parranda txapelketa. Herenegun jokatu zuten finala Mak taldearen aurka, Azpeitiko Gaztetxean, eta txapela bereganatzea lortu zuten.

Jendez gainezka zegoen Gaztetxea ostiraleko finalean. Txapelketa osoan zehar gertatu den bezalaxe, ikusmin handia sortu du Bertso Parrandaren finalak ere. «Giro ona» sortu zen Gaztetxean, antolatzaileen iritziz.

Xapios taldeko Silbia Etxanizek adierazi duenez, «besteetan baino jende gehiago» izan zen Gaztetxeko finalean eta horrek apur bat urduri jarri zuen bertsolari gaztea. Bere lehendabiziko finala zen eta «oso gustura» geratu zen txapelketa irabazi ondoren. «Aurreko saioetan baino urduriago egon arren, nahiko ondo aritu nintzen bertsotan, batik bat, ofiziotan», esan du bertsolari gazteak. Puntutan «larri» ibili zela aitortzen du Silbia Etxaniz azkoitiarrak.

Haritz Etxeberria Ministrok, Ander Urbietak eta Iosu Oiartzabalek osatzen duten Mak taldea, berriz, puntutan oso ondo aritu zen eta baita zortziko txikian ere. Bakarkako lanak egiterako orduan, bai Xapiosek eta bai Makek lan txukuna osatu zuten.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide den Ixabel Jauregi finalean bertan izan zen eta haren ustez, «nahiko parekatuta ibili ziren bi taldeak». Gaiei eusteko orduan Xapios taldea hobeto aritu zen baina puntutan «freskura falta» somatu zitzaien.

Txapelketa onena

«Hirugarrena, onena». Halaxe deskribatu du Erniarraitzeko kide Ixabel Jauregik aurtengo Bertso Parranda. «Bai ikusle aldetik eta baita partaide gazteak eta ondo prestatuak izan direlako ere», gaineratu du.

Ixabel Jauregiren iritziz, «23 urtez martxan jardun duen Bertso Eskola fruituak ematen ari da».

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bere blogean ere idatzi du txapelketaren kronika.