Manuel Seinen bertsoak jaso ditu Joxe Mari Iriondok 'Xanpun bertsularia' liburuan

Uztarria | Kultura
2006ko abe. 29a, 12:12

Lapurtarrak gai askoren inguruko bertsoak idatzi zituen eta haiek bildu ditu azpeitiar kazetariak

Xanpun gazterik hasi zen bertsotan, Juan Joxe Eizmendi Errexil eta Mattin lagun zituela (Berria)

Manuel Sein Usandizaga 'Xanpun'-en (Senpere, Lapurdi, 1928-Donibane Lohizune, 2002) bat-bateko nahiz idatzitako bertso ugari jaso du Joxe Mari Iriondo kazetariak Xanpun bertsularia liburuan; horretaz gain, liburuaren sarreran Xanpunen biografia kontatu du, hark esandakoak oinarritzat hartuta. Auspoa bildumako 302. liburua da Iriondok Xanpunen lana apailatuz osatu duena, eta, bilduma horretako azken urteetako liburu guztiak bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du argitara.

Gai askoren inguruko bertsoak idatzi zituen Xanpunek: gazteak, udaberria, itsasoa, Zuberoa, Teodoro Hernandorena, sorterria, amatxi, bakea, pilota jokoa... Prosa errimaduna ere idatzi zuen, Iñaki Eizmendi 'Basarri'-k egin zuen bezala, eta gisa horretako lanak ere jaso ditu Iriondok liburuan.

Xanpun gazterik hasi zen bertsotan, Juan Joxe Eizmendi Errexil eta Martin Treku Mattin lagun zituela. Teodoro Hernandorenak antolaturik 1948an Saran egindako txapelketan, hirugarren postua eskuratu zuen, Fernando Aire Xalbador eta Ximun Zubikoaren ondotik. Ondorengo urteetan jaialdi askotan aritu zen, garai hartako bertsolari onenekin horietako askotan: Xalbador, Martin Treku Mattin, Iñaki Eizmendi Basarri, Manuel Olaizola Uztapide, Joxe Lizaso, Manuel Lasarte...

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu