Hiru ezezagunek autobus bati su eman diote

Uztarria | Gizartea
2006ko abe. 6a, 09:12

Etxe-Zuri aurreko autobus geltokian Euskotreneko autobus erre zuten atzo, 21:30ak aldera: geltoki ondoan aparkatutako kamioi batek ere su hartu zuen

Autobuseko suteko zortzi argazkiekin bilduma bat ikusgai da Uztarria.com-en, baita suhiltzaileak lanean ari zirela grabatutako bideo labur bat ere

Azken albistea (abenduak 6, 15:00): Azpeitiko Udalak "erreketa gogor salatu" du

Euskotren-eko autobusa erreta, atzo gauean, Damasoko geltokian. Behean, erretako kamioiari gaur aterako argazkia.  Argazki originala

Atzo (asteartea) gauean aurpegia estalitako hiru ezezagunek Zumarraga eta Zumaia arteko bidea egiten duen Euskotren-eko autobus bati su eman zioten. Istiluak 21:30ak aldera gertatu ziren Etxe-Zuri aurreko autobus geltokian, Damasoko geltokian.

Autobusa geldialdia egiten ari zela, hiru ezezagunek bidea oztopatu eta gidariari eta barruan zihoazen bi bidaiariei jaisteko agindu zieten. Ondoren eman zioten su autobusari.

Berehala hartu zuen su eta erabat kiskalita geratu zen. Suak autobus geltoki ondoan aparkatuta zegoen kamioi bat harrapatu zuen; erre egin zuen. Euskotren-ek jakitera eman duenez, ekintza honek 198.000 euroko kaltea eragin du.

Gaur eguerdian Udaleko bozeramaileen batzordeak gertaera aztertuko du.

Autobuseko suteko zortzi argazkiekin bilduma bat ikusgai da Uztarria.com-en, baita suhiltzaileak lanean ari zirela grabatutako bideo labur bat ere.

Azken albistea (abenduak 6, 15:00): Udalaren salaketa. Gaur eguerdian Udaleko bozeramaileen batzarra egin dute. Batzar horrek honako idatzia egin du Azpeitiko Udalaren izenean:

"Azpeitiko Udalak gogor salatu nahi du atzo gauean gertatu zen erreketa eta bere elkartasuna adierazi kaltetuei.

Herritarrok ordaindutako autobusa eta azpeitiar baten kamioia erre ziren atzo. Autobusak erretzeak zer ekarpen politiko suposatzen duen galdetuko genieke egileei. Hankak gasolinaz zipriztindu zitzaizkion autobuseko gidariari eta bidaiariei emandako sustoaz gain, herritar bat denbora baterako ogibiderik gabe uzteaz gain... zer lortu dute? Egoera konpontzeko beharrezkoa den talde politikoen elkarrizketa gerturatu edo urrundu egin da? Garbi izan dezatela egileek horrelako ekintzak eta bide politikoa bateraezinak direla.

Ekintza hauek, beldurra eta egonezina bakarrik sortzen dituzte. Gure helburu diren konponbidea, kontsetsu politikoa eta bakea eragozten dute. Egoera berez nahiko zaila da horrelako astakeriekin gehiago korapilatzeko. Guk lan egiten jarraituko dugu bakea lortzeko helburuarekin".

Bidali:  

Erantzunak

Poldo | 2006-12-07 : 11:12

Lortu duten bakarra 140.000 euroko zuloa Eusko Trenentzat. Eusko Tren publikoa denez, guztion artean ordaindu beharko ditugu kalteak.
Ez dakit zergatik deitzen zaien "kale borroka" ekintzak, berez "kale txikizioa" besterik ez dira.
Nolatan ausartzen dira oraindik horrelako ekintzak justifikatzen "Estatuaren biolentziaren erantzuna" diren argudioarekin?
Estaduari erantzun nahi badiote Intxaurrondoko koartelari edo Espainiako Kongresuari su ematea ulertuko nuke (ados ez egon arren), baina horrelako ekintzak denok dakigu euskaldunon kalterako direla, ekintza egin duten hiru artaburu horiek kenduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu