2007ko udal aurrekontuak aurreko urtekoen ildotik

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 4a, 16:12

Udalbatzarrean EAJk eta EAk alde bozkatu dute, Habea kontra agertu da eta PSE-EE eta PP abstenitu egin dira

Julian Eizmendi alkatearen hitzetan "aurrekontu orekatuak" dira (Urola Kostako Hitza)

Aurtengoak bezalaxe datorren urteko udal aurrekontuak ere, "programan zehaztutako proiektuak aurrera eramateko aurrekontuak dira", Manuel Unanue (EA) Udaleko Ogasun batzordeburuaren esanetan. Beraz, azken bi urteetako aurrekontuen ildotik doaz oraingo hauek ere: "inbertsoreak izango dira, aurreko urteekoen jarraipena". 2007ko udaleko aurrekontu osoa 27.926.467 euro da (aurten baino 602.454 euro gehiago, hau da %4,77 igo da). Udalaren aurrekontu propioa, berriz, 23.724.390 eurokoa da (aurten baino 2.364.603 euro gehiago, hau da %11 igo da).

.2007ko udal aurrekontuak ostegunean onartu zituzten udalbatzarrean, EAJren eta EAren aldeko botoekin; Habeak kontra agertu zen, eta PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren. Manoli Uranga (PSE-EE) eta Julia Tercerok (PP) abstenitzeko arrazoi berbera eman zuten: Udal aurrekontuek Udalbiltza eta euskal presoak lagunduko dituztela. Terceroren esanetan, aurrekontuak ezin ditu onartu, "kontzientziagatik".

Habeak ere ez zituen onartu aurrekontuak. Prozedurarekin ez dira bat etorri, eta edukietan egindako proposamenen inguruan erantzunik ez dute jaso. IƱaki Errazkinen esanetan, "aurrekontuak egiteko prozeduraren inguruan proposamena egin genuen, epearen barruan, eta ez dugu erantzunik jaso. Batzorde bakoitzak aurrekontuaren inguruan eztabaida zabaltzea proposatu genuen, alor bakoitzaren beharrak mahai gainean jarri eta orokortasunera eramatea. Edukien inguruan proposamenak ere egin ditugu, baina ez dugu erantzunik jaso. Azkoitiarekin, alboko herriarekin, alderatu besterik ez dago: han apartheid-aren inguruan pausoak eman dituzte, eta baita parte hartzearen baitan ere". Habeako kode Miren Odriozolaren esanetan, EAJk eta EAk oposizioarekin negoziatzeko ez dute ahaleginik egin: "Negoziaziorako jarrerarik ez dute izan eta urtero berdina egiten dute".

Inbertsioak

Manuel Unanueren esanetan, aldiz, aurrekontuetan aukera handirik ez da egon: "Aurreko urteetan hasitako inbertsioei jarraipena emango diote 2007ko udal aurrekontuek, eta ez dute gehiagorako ematen". Inbertsio nagusiak bost direla adierazi zuen Ogasun batzordeburuak: Soreasu kultur gunea, Soreasuko lur azpiko aparkalekuak, alde zaharreko lanak, urbanizazioak (besteak beste, Santutxo eta Sanjuandegi auzoak) eta bidegorriak.

Julian Eizmendi (EAJ) alkatearen esanetan, 2007ko udal aurrekontuak "urte hauetan onartutako proiektuen ondorioa dira". Alkateak azaldu zuenez, "aurrekontu orekatuak" dira, "gastuak mantendu eta sarrerekin jokatzen delako".

Igoera handiena izan duen alorra Gizarte Zerbitzuak izan dela azaldu zuten EAJkoek eta EAkoek. "Kopuru aldetik (881.556 euro) ez da nabarmentzen. Baina Eguneko Zentroa enpresa pribatu batek eramaten du, eta orain zuzenean Gipuzkoako Foru Aldunditik kudeatzen da; beraz, udal aurrekontuetan ez da kontutan hartzen". Etxez etxeko laguntza zerbitzua eta larrialdietarako laguntza zerbitzua gehitu egin dituztela ere azaldu zuten.