Bertso Parrandak Urolaldeko tabernak oholtza bihurtu ditu hirugarrenez

Josu Martinez ('Gara') 2006ko aza. 20a, 18:11

Erniarraitz Bertso Elkarteak antolatu ohi duen Bertso Parranda txapelketaz erreportajea egin dute Gara egunkarian

Inguruko bertsolari eta sasibertsolariak hirunakako taldeetan bildu, taberna oholtza gisa hartu eta txapelketa antolatzea. Egitura sinplea du Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen hirugarrenez aurten antolatu duten Bertso Parranda ekimenak, eta agian egitura sinple horrengatik lortzen du beti berebiziko arrakasta.

Talde antolatzaileko kide Juan Jose Eizmendi 'Loidi Saletxe'-k azaldu duenez, Erniarraitz Bertsozale Elkartean sortu zen ideia, orain sei bat urte. "Bertso Astea antolatzen ari ginela, bertso eskolako ikasle batek tabernako barran kantari aritzeko ideia bota zuen", azaldu du. "Harrezkero, hori oinarri hartuta, jolasa eta zerbait sakonagoa uztartuko zituen formularen bila jardun genuen bileretan, eta, azkenean, Bertso Parranda izan zen emaitza: inguruko bertsolariak hirunakako taldeetan biltzen dituen txapelketa informal bat, tabernetan eta juerga giroan antolatua".

Loidi Saletxek adierazi duenez, Urolaldean bazen parranda giroan bertsotan aritu bai, baina ez zirenak sekula ausartuko formatu serioagoetan jendaurrean kantatzera. Horregatik, Bertso Parranda aukera egokia izan zitekeen haientzat, gisa guztietako bertsolariak biltzea baitzen hasieratik asmoa.

Aurtengo edizioan Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo hogeita lau bertsolari ari dira parte hartzen, zortzi taldetan bilduta eta erabat desberdinak euren artean: gazteenak, esaterako, hamabost urte ditu, eta zaharrenak, berrogeita hamar inguru. Hala, batzuek taldea aldez aurretik osatua eraman arren, oro har, hirukoteen maila orekatua izan dadin saiatzen dira antolatzaileak: "Badira hemendik kanpora ere aski ezagunak diren bertsolariak: Jokin Uranga, Beñat Lizaso edo Ministro, esaterako. Horiek talde ezberdinetan banatu ohi ditugu", azaldu du Loidi Saletxek. Halaber, epaileak bertsolarien gisan aukeratu ohi dituzte: bertsotan egitera ausartzen ez diren bertsozaleek eta bertsoak epaitzen eskarmentu handiagoa duen jendeak konpartitzen dute betebehar hori.

Edozelan ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, Bertso Parrandako nabarmengarriena, bere herri izaerarekin batera, Urolaldean pizten duen ikusmina eta sortzen duen giroa dira. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideen hitzetan, punta-puntako bertsolariak biltzen dituen urteroko jaialdian ere ez da izaten Bertso Parrandako tabernatako saioetan besteko girorik. "Gu ere harrituta gelditu ginen hasiera batetik jendearen erantzunarekin", azaldu du Loidi Saletxek, eta arrakasta horren arrazoiaz galdetuta, argi dauka: "Jendeari gauza berriak ikustea gustatzen zaio. Egaña edo Peñagarikano ia edonoiz ikus ditzakete, baina Bertso Parrandan, plazan sekula ikusiko ez duten jende ezaguna ikusten dute kantuan, eta horrek ikusmina sortzen du". Bertso Parrandako parte-hartzaile zenbaitek ere hitzez ilustratzen du hau: "Bertso Parrandan kantatzean, alegia, bi urtean behin bertsolari sentitzen naiz egun batez", esaten omen dute.

Eta, jakina, tabernariak ere, pozik, saioak izan bitartean, tabernak jendez gainezka izaten dituztelako. Hala, antolatzaileek laguntzatxo bat eskatu ohi diete tabernariei, eta bildutako diruarekin, txapelketa bukatuta, afari bat antolatzen dute parte-hartzaile eta antolatzaile guztientzat. Herri saria herri ekimen baterako.