Joseba Tapia: "Lekukotza oso polita delako jaso ditut Lopetegiren bertsoak"

Uztarria 2006ko aza. 17a, 13:11
'Real politik', Joseba Tapiaren diskoaren azala.

Tapiak Real politik bakarkako diskoan, Joxe Mari Lopetegiren Askatasunaz bertsoak jaso ditu

"Azpeitira mitin bat ematera joan zireneko pasadizo bat da", esan dio trikitilariak uztarria.com-i

Laugarren bakarkako lana plazaratu du Joseba Tapia trikitilariak: Real politik. Egilearen gogoko testuen aukeraketatik, 14 kanta biltzen ditu diskoak. Kanta horietako bat, Joxe Mari Lopetegik 1931n idatzitako Askatasunaz bertsoak dira. Bertan, Azpeitian gertatutako pasadizo bat kontatzen da. Uztarria.com Tapiarekin egon da diskoaz hitz egiteko.

Real politik diskoko kantu batean Azpeitian gertatutako pasadizo bat kontatzen duzu.

Azpeitia famosoa izan da. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendik idatzitako Loiolarik ez balitz liburuan kontatutakoak... Hainbeste gauza pasatu dira Azpeitia alde horretan...

Nolatan aukeratu duzu Joxe Mari Lopetegiren bertso hori diskorako?

Lopetegi ignoratua egon da nolabait. Bertso biltzaileak apaizak izan direlako edo ez dakit zergatik, bere lana ez zuten jaso, eta guk hori orain deskubritu dugu. 'Agur intxorta maite'-n ere bere zenbait bertso atera genituen. Politak dira bertsoak, lekukotza hori oso polita da. Uztarriak atera zuen liburu hori ere irakurri nuen, eta gure historia berriro ezagutzea dela uste dut. Horrek oso sentsazio ona sortzen dit: garai batean nola izan zen Euskal Herria eta zein mugimendu zeuden, zer gauza pasatu ziren...

Zer kontu dakar bertso sorta horrek?

Azpeitira mitin bat ematera joan zireneko pasadizo bat da. Eta oso bitxia da: EAJkoek ostiatu egin zituzten errepublikarrak zirelako. Bertsoak hori kontatzen du eta irakurri nuenean oso polita iruditu zitzaidan.

Honela dio bertsoak: Aita Inazio sortu herrian bihotz onekoak daudez.

Bertsoak aipatzen du San Inazioren lurrekoak zein jatorrak diren, ironiaz. Hori errekreatzeko, parean zetorren 'Inazio gure patroi handia'-ren melodia sartzea.

Bertsoa 1931koa da. Beste garai batzuk ziren.

Hura II. Errepublika garaikoa da, bai. Polita da ikustea nazionalismoa zein bortitz abiatu zen. Eta horregatik sartu genuen diskoan.

Diskoa argitaratzeko Zakurraren bibolina zigilua atera duzu; nolatan autoprodukzioa?

Aurreneko aldiz sartu naiz halako saltsatan; orain arte disketxe ezberdinetan lan egin izan dut. Neronek probatu nahi nuen prozesu dena egiteak zer kostu duen fisikoki, psikikoki eta ekonomikoki. Lan konplikatua eta interesgarria izan da.

Hainbat lotura:

-Diskoaren inguruko informazio gehiago www.josebatapia.com-en

-Joseba Tapia: "Mezuz hornitzen saiatu naiz diskoa". Argiako elkarrizketa

-Loiolarik ez balitz

—REAL POLITIK—

Askatasunaz

Joxe Mari Lopetegi, 1931
Musika: Joseba Tapia

Zer buruzbide bihotz gabe
zer anaitasun zitala
zer gizontasun neurri gabea
zer zentzu gabeko ergela
zer gertatzen da Euskal Herrian
zerk garabiltza honela
zer itxuretan anai jatorrak
zer pakez ezin gaudela
zer esan nahi du jarraikera honek
zer, zentzu gabeak gerala

Nun gertatu da honelakorik
nun jaunak, nun, Azpeitian,
jesuita ta erlijiua
besterik ez dan tokian
Askatasunaz gaudezelako
lau lagun aruntz joan ginan
gure barrengo fede leiala
aitortutzera hitz bian
ekin ziguten laueri milak
guztiz modu itsusian

Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nahiean
udazkenean nola enarak
alanbrearen gainean
hitz bat egiten utzi nahi ezik
modurik okerrenean
odolean ezin irukirik
min zutela barrenean
beldur ziraden bihurtutzeko
norbait gure esanean

Garate jauna Bergarakoa
euskaldun jatorra berez
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nahi ez
heldu zioten zamarretikan
lau puska egin beharrez
Santakruz zanan odol beretik
nazi dira gure ustez
Aita Inazio sortu herrian
bihotz onekoak daudez

Gomendio zan honen laguna
jaun on bat oñatiarra
hotzikan gabe laja diote
gizajoari bizkarra
tira ta bultza hautsi zioten
soinean zeukan zamarra
ekustearren zeinen pizkorra
berez dan azpeitiarra
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrila txarra

Mila baziran lau zatitzeko
ez al da lotsa euskalduna
atzerrietan ai zer fama guk
ekusi behar deguna
hau al da lege erlijiuak
erakutsitzen dizuna?
Modu horretan baldin badabil
maltzurtzar bihotz-astuna
bide hortatik ez da etorko
Euskadin Askatasuna.