Aimar Irigoien: "Ez nuen uste Euskal Herriko Harri Handien txapela lortuko nuenik"

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 24a, 16:10
Aimar Irigoien

Igandean, urriaren 22an, Altsasun Harri Handien Txapelketa jokatu zen eta Aimar Irigoien errezildarrak lortu du txapela (Urola Kostako Hitza)

Aimar Irigoien (1986, Errezil) harrijasotzaile errezildarra, igandean (urriaren 22an) Altsasun jokatu zen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan izan zen eta txapelketa irabaztea lortu zuen. Ostolaza zen faboritoa, baina azkenean errezildarrak lortu zuen garaipena.

Zer moduz joan zen igandeko txapelketa?

Oso ondo, eta oso gustura nago, ez nuen inondik inora horrelako ezer espero. Nik uste nuen aurreko urteetako lana hobetuko nuela, besterik gabe, eta polita izango zela. Azkenean, gauzak oso borobil atera zaizkigu, uste genuena baino hobeto. Hasieran pentsatzen genuena baino hobeto geunden, eta txapela lortu dugu.

Ostolaza zen faboritoa, baina igandeko txapelketan mina hartu zuen. Horrek zerikusirik izan al zuen zure garaipenean?

Kubikoaren bigarren altxaldian, zerbait sentitu zuen Ostolazak, eta min hartu zuen. Baina, nik uste dut bestela ere nahiko harrijasotze dezentea egin nuela. Lehengo urteko lanei begira jarrita, nik uste dut lan ona egin dudala, hobera egin dudala. Ostolazak mina hartu zuen, bai, baina minik ez bazuen hartu ere, nik uste dut nire lana ezin izango zela asko hobetu.

Ohorea izango da horrelako esperientzia duten harrijasotzaileei irabaztea, ezta?

Bai, noski. Ostolazak urte asko daramatza eta Goenatxorekin asko sufritu izan duen kirolaria da, beti atzetik ibili izan baita. Horregatik asko sufritzen dakien mutila da, eta horrekin neukan beldurrik handiena. Ez nuen espero inondik inora beraiei irabaztea, errespetu asko ematen du hauekin lehian aritzeak.

Eta orain, aurrera begira, planik ba al duzu?

Datorren hilaren 17an, Euskadiko Kintopeko Txapelketa jokatuko dut Donezteben. Bertako txapela janztea nahiko nuke. Izan ere, ikaragarri polita izango litzateke urte berean, Kintopeko txapela eta Harri Handien txapela janztea.

Kintopeko Txapelketan zein lan egin beharko duzu?

.100 kiloko zaharrarekin hiru minutu, eta 100 kiloko kubikoarekin beste hiru minutu egin beharko ditut, bi harrirekin bakarrik egingo dugu lana.