Antzerki Topaketak Izarraitz pilotalekuan egingo dira azkenean

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 18a, 17:10

Udaletxe atzeko plazan eta karpapean egiteko asmoa atzera bota du Udalak, "kostu handia duelako"

Guztira 11 antzezlan ikusteko aukera izango da azaroaren 3tik 25era (Urola Kostako Hitza)

XXIV. Euskal Antzerki Topaketak bi aste barru hasiko dira, azaroaren 3an. Aurten, Soreasu antzokia botata dagoenez, toki berria izango dute: Izarraitz pilotalekua. Beraz, ez dira karpapean egingo, hasieran Udalak iragarri bezala.

Karpapean egiteko asmoa atzera bota du Udalak, kostua asko igotzen delako. "Karpa bera hilabete osorako alokatzea garestia da, baina horrez gainera udaletxe atzeko plazako lurra egokitu beharra zegoen eta horrek ere kostu bat du. Gainera, sanagustineko proiektua aurrera doa eta hango azpiegiturak egiteko plaza horretako lurra altxatu egin beharko litzateke berriro. Horregatik Izarraitz pilotalekuan egiteko erabakia hartu genuen", dio Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak.

Antzerki Topaketak Izarraitz pilotalekuan egiteko, Udaleko Kulturako eta Kiroletako batzordeak akordio batera iritsi dira. "Izan ere, Izarraitz pilotalekuan antzerki emanaldiak dauden bitartean han ibiltzen diren kirol elkarteak beste pilotaleku batzuetan ariko dira", dio Gorrotxategik. Izarraitz pilotalekua antzerki emanaldietarako egokitu eta taula ere jarriko dute. "Beraz, ezin dugu ipini eta kendu ibili. Hilabete osoan antzerki emanaldietarako gordeko eta erabiliko da pilotalekua".

Azaroaren 3tik aurrera 11 antzezlan

Topaketak azaroan izango dira, 3tik 25era bitartean. 11 antzezlan ikusteko aukera izango da bertan, tartean baita estreinaldi bat ere: Goaz antzerki taldearen Kanika zuri-beltzak. Antzezlanen arteko hiru komediak dira: Txaloren Artea, Ez Dok Hiru Bikoteatroak-en Larru haizetara eta Pok Produkzioak-en Ongi ibili.

Eskola Antzerkia ere antolatu dute aurten, azaroaren 20tik 22ra bitartean. Hori ere Izarraitz pilotalekuan izango da.