Eragileek eskatu arren, Jaurlaritzak ez du euskara hutsezko telebista bermatu

Berria eta Uztarria 2006ko urr. 4a, 17:10

Aurreikuspenak betetzen badituzte, 2008an hasiko dira emititzen lehenengo tokiko telebista digitalak

Urola Kostan lau lizentzia banatuko ditu

Epeak betez gero, 2008. urtean jarriko dira martxan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehenbiziko tokiko telebista digitalak (Berria). Eusko Jaurlaritzak onartu berri du telebista sare hori arautuko duen dekretua, eta aurreikuspenen arabera, azaroan lehiaketaren oinarriak onartuko dituzte. Lizentzia eskatu nahi dutenek 90 egun natural izango dituzte horretarako; Jaurlaritzak sei hilabeteko epean hartuko du erabakia. Baimenak eman ostean, 18 hilabeteko epea izango dute kudeatzaileek emisioak hasteko.

Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eremu ezarri ditu eta bakoitzean launa lizentzia banatuko ditu. Urola Kosta da eremu horietako bat.

Kultura sailburu Miren Azkaratek azaldu zuenez, euskarazko produkzioa lehenestea da telebista operadoreek jarraitu beharreko irizpide nagusietako bat. Udalek kudeatutako telebistetan euskarazko gutxieneko eskaintzak %50ekoa izan beharko du, eta operadore pribatuen kasuan, %20koa.

Bistan denez, dekretuak ez du ziurtatzen eskualde bakoitzean euskara hutsezko kateak egongo direnik. Eta hori da, hain zuzen, euskalgintzan aritzen diren hainbat eragileen azken hilabeteotako eskaera nagusia. Izan ere, egoera horri aurre egiteko eta eskualde guztietan tokiko euskarazko telebistak sortzeko sortu da Hamaika Telebista.

Kezka horren harira, Kultura sailburuak atzo azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak beste neurri bat ezarri duela barruti bakoitzean nagusiki euskaraz emitituko duen kate bat izatea bermatzeko. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barrutiren batean produkzioaren%50 baino gehiago euskaraz eskaintzen duen operadorerik ez badago, kate bat esleitu gabe utziko du Jaurlaritzak, eta euskarazko eskaintza lortzeko aukera dagoenean lehiaketan aterako du. Azkarateren aburuz, aldaketa “ausarta” izan da hori, eta hainbat eragilek azaldutako kezkari erantzun nahi izan dio.

Hortik aurrera, Azkaratek adierazi zuenez, eskatutako euskararen ehunekoa gainditzen duten operadoreak lehenetsiko dira, eta, bereziki, euskara hutsezko emisioak egiten dituztenak.

Bestetik, eta hizkuntza irizpidearekin batera, telebista digitalaren gertutasuna eta tokiko informazioa eskaintzea kontuan hartuko direla aipatu zuen atzo Azkaratek. “Gertuko informazioa eman beharko dute telebista digitalek, herrialdean, eskualdean, zer gertatzen den zabaldu; beste telebista kateek nekez emango duten informazioa eskaini”.

Halaber, eduki propioak lantzeko beharra nabarmendu zuen Kultura sailburuak. Izan ere, dekretuak sareak eratzea debekatzen du, eta sarean programazioaren %25 besterik ezingo dute eskaini telebista kateek.

Artikulu gehiago

EKTren azterketa

Patxi Azpillaga EHUko irakaslea

Enekoitz Esnaola kazetaria

Urola Kostan euskarazko hiru telebista kate egotea eskatu dute Azpeitiko eta Zarauzko udalek

Eskualdeetan euskarazko telebista kateak sortzeko Hamaika Taldea eratu dute