Gazumen parke eolikoa egitea baimendu dute

Uztarria 2006ko uzt. 27a, 16:07

Bost parke eoliko egiteko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak; horietako bat Gazumen (Berria)

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Gazumen parke eolikoa egiteko baimena eman du. Guztira, bost mendietan egiteko baimena eman du; energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi baitu.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Planak identifikatutako bigarren taldeko lekuetan egiteko baimena eman du; Gazume, Kolometa, Arkamo, Iturrieta eta Alda-Arlabako Gurutzeta mendietan. Plan honen helburua, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %12a energia berriztagarrien bidez lortzea da. Iaz, %4’4a besterik ez zen lortu eta hori dela eta, energia iturri horien ahalbidetzea azkartzea erabaki dute.

Artzainek eta hainbat mendizaleek, porlanezko oinarriak duela hilabete batzuk ikusi zituztela nabarmendu dute Gazume inguruetan. Zenbaitek proiektuaren berri bazuten, baina Jaurlaritzaren azken erabakia ez zuten ezagutzen.