Zine Klubekoek lapurretaz hainbat kontu argitu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 19a, 12:07

Taldeak, "lapurretaren errua" inori ez diola leporatu nahi nabarmendu du (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Zine Klub Taldeak kuartel zaharreko egoitzatik lapurreta egin ziotela-eta ohar bat kaleratu zuen aurreko astean. Baina orain beste idatzi bat kaleratu dute, "gertaera horrek gaizki ulerturen bat sortu ahal izan duelakoan, eta zenbait kontu argitu nahian".

"Azpeitiko Zine Klubak aurreko astean ateratako idatziarekin, adierazi nahi zuen bakarra da: lapurreta jasan duela bere lokalean, ezezagunen bat edo batzuk giltzaz itxita zegoen atea puskatu ondoren", dio taldeak.

Zine Klubekoek diotenez, Azpeitiko Udalak, orain dela hilabete batzuk Telefonicako eraikinean lokal bat izango zutela jakinarazi zien: "Denbora horretan, kuartelean zeuden taldeak poliki-poliki beren kokalekuetatik Telefonica zaharrera aldatzen joan dira, eta gu izan gara kuarteletik irteten azkenetakoak. Egoera horretaz azkar konturatu dira, nonbait, besteren ondasunez jabetzen ibiltzen diren eskuluzeak, eta gu konturatzerako hainbat material harrapatu digute, trofeoak batik bat". Zinezaleen esanetan, lapurtu dizkieten gauzek "balio ekonomikoa baino gehiago, balio sentimentala dute". "Garai batean guk geuk egin genituen formato txikiko edo ertaineko pelikulekin han-hemen irabazitako dominak eta garaikurrak baitziren".

Zine Klubekoen esanetan Udaleko Kulturako ordezkariekin izan dituzten bileretan harrera "egokia" eta "baikorra" jaso dute. Dagoeneko Zine Klubak traste guztiak atera ditu kuarteleko lokaletik eta orain Telefonicako lokalean gorde dituzte.

Zine Klubekoek inori errurik ez diote bota izan nahi, hala adierazi dute aste honetan: "Azpeitiko Zine Klubaren asmoa ez da izan inor gaitzestea edota inoren lepora errurik botatzea, baizik eta gertaera baten (lapurretaren) berri ematea zen gure asmoa. Orain arte bezala, elkarlanean egindako bidea jorratzen jarraitu nahi dugu".