Hogei urte geroago, senidetzea festa giroan

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 3a, 17:07
Azpeitiko danbor-jotzaileak eta Hazparnekoak plazan.

Hazparnetik ez da etorri udal ordezkaririk

Bi herrien arteko senidetzearen XX. urteurreneko ospakizuneko argazki bilduma egin dugu

Ganadu basatien ikuskizuneko argazkiekin bilduma egin dugu (Urola Kostako Hitza)

Larunbat eguerdian, uztailaren 1ean, iritsi ziren hazpandarrak Azpeitira. 80 lagun etorri ziren (tartean Hazparneko Idiak Zezenzale Elkartekoak zeuden) Azpeitia-Hazparne bi herrien arteko senidetza egin zeneko 20 urteurrena ospatzera. Azpeitiko Udaleko agintariek Hazparneko Udaleko ordezkaritza espero zuten, baina hazpandarren Udaleko ordezkaririk ez zen etorri Azpeitira. Hala ere, 1986ean akordioa sinatu zuten Hazparneko ordezkariak Azpeitian izan ziren.

Urteurren ekitaldiei bi herrietako danbor-jotzaileen kalejirarekin eman zioten hasiera; bina talde ibili ziren Azpeitiko Udal Musika Bandarekin batera. Bitartean, Goiko kalen Itsasiko ttuntturroak eta Hazparneko joaldunak prest zeuden kalejirari ekiteko.

Gero, bai danbor-jotzaileak eta baita ttuntturro eta joaldunak ere plazan elkartu ziren, eta udaletxe aurrean pare bat pieza jo zituzten. Itsasi dantza taldeko dantzariek aurreskua egin zuten udaletxe azpiko arkupetan, Hazparnetik etorritakoei agurra eginez. Bertan ziren alkateaz gainera, EAJ, EA eta Habeako udal ordezkariak.

Ondoren, Loiolatxo elkartera joan ziren denak bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, errekortadoreen ikuskizuna izan zen zezen-plazan.

Kinttela zezen elkarteakoak maiatzean Hazparnen izan ziren, orduko argazkiak ikusgai daude webgune honetan.