Igandean Dantzari Txiki Eguna izango da

Uztarria 2006ko eka. 16a, 20:06

Dantzari Txiki Egunarekin emango zaio hasiera Azpeitia Dantzan dantza zikloei

Aurten, lau emanaldi antolatu dituzte

Azpeitia Dantzan egitarauaren barruan, Dantzari Txiki Eguna ospatuko da igandean (hilak 18). Euskal Herriko toki desberdinetatik datozen dantzariak 11:00etan bilduko dira plazan. Han, hamaiketakoa jan ondoren, dantzarien kalejirari emango zaio hasiera. 13:00etan talde guztiak plazan elkartuko dira eta eguerdiko dantza saioa egingo dute. Arratsaldean ere kalejira eta plazan emanaldia eskainiko dute dantzari txikiek.

Uztailean hiru emanaldi

Aurtengo 'Azpeitian Dantzan'-en baitan, Dantzari Txiki Egunaz gain, beste hiru emanaldi antolatu ditu Udaleko Kultura sailak. Uztailaren 2an, esaterako, Hip-hop emanaldia izango da plazan.

Uztailaren 16an Itsasi dantza taldeak bere emanaldia eskainiko du. Itsasikoek ikuskizun berri bat taularatuko dute; Euskal Herriko folkloreko lan munduko dantzen eta festa giroko dantzen erakustaldia egingo dute.

2006ko Azpeitia Dantzan zikloa Orenbuergoko dantza taldeak itxiko du aurten. Errusiarrak uztailaren 24an, Santio bezperan, eskainiko dute saioa plazan.