Bost urte eta gero... 'Ezinean' diskoa

Uztarria 2006ko eka. 8a, 14:06
Goian, Oihan Amezua eta Oier Ezeiza; behean, Iban Amenbar eta Oihan Lizaso.

Oihan Lizaso, Oihan Amezua, Oier Ezeiza eta Iban Amenabar dira Ezinean taldeko kideak

Duela gutxi taldearen izen bereko diskoa kaleratu dute

Ezinean talde azpeitiarrak bere lehen diskoa kaleratu du: Ezinean. Taldean Oihan Lizaso eta Oier Ezeiza dira taldeko bi gitarristak, Oihan Amezuak baterian dihardu eta Iban Amenabarrek baxua jo eta abestu egiten du.

Ezinean taldea 2001ean sortu zen. "Orduan taldean hiru kide ginen; Oier, Oihan Amezua eta ni" dio Iban Amenabarrek, taldeko abeslariak. "Hirurok Oihanen garajean hasi ginen zarata pixkat ateratzen. Han urtebete inguru eman genuen, baina bizilagunen kexak zirela-eta Urrestillako musika lokaletara pasatu ginen entseguak egitera" diote.

Urrestillan hiru urte egin zituzten hirukote moduan Ezinean-ekoek. "Tartean, urtebetean edo, beste musikari bat sartu zen. Laukote bezala urte bat egin genuen baina musika estilo aldetik desadostasunak genituen eta laga egin zuen. Gero, Oier kanpora joan zen. Bueltatu zenean ordura arte nik gitarra jotzen nuen eta berak baxua, eta orduan, instrumentuak aldatu egin genituen" dio Amenabarrek.

Maketatik diskora

.2004 urte bukaeran maketa grabatzen hasi ziren. "Orduan orain gure gitarrista den, Oihan Lizaso zumaiarrarekin hitz egin genuen". Hasiera batean Lizaso maketa grabatzen hasi zen taldearekin baina gero taldeko bigarren gitarra moduan sartu zen.

Maketa hasiera batean lagunartean banatu eta kontzertu batzuk bilatzeko asmoarekin egin zuten; "kantu zaharrak grabatuta edukitzeko". Maketa bukatuta disketxeetara bidali zuten. "Gor disketxetik erantzuna jaso genuen interesa zutela esanez. Guretzako sorpresa izan zen. Erantzuna iaz, Gasteizko festetan jaso genuen. Jada ez genuen erantzunik espero" diote.

Hardcore estiloko 14 abesti

Ezinean diskoan hardcore melodiko estiloko 14 kanta bildu dituzte. Abesti guztien doinuak eta hitzak beraiek sortutakoak dira, eta ingelesez abestutako kantu bat izan ezik, gainerakoak euskaraz dira. Ezinean diskoa Lokotx, Oker eta Orkatz tarbernetan dago salgai 10 eurotan. "Guk musika ingelesez entzun izan dugu eta guk jorratzen dugun estiloa beti ingelesez entzun izan da. Gure kantu bat ingelesez nola entzun zitekeen probatu nahi genuen; kantu zaharra da lehenago gainera euskaraz abesten genuena".

Martxoan hasi zituzten diskoaren grabaketak Tolosako Bonberenean. "Martxoaren 7an hasi ginen grabatzen: zazpi egun grabatzen eta zazpi nahasten egin genituen. Karlos Osinaga Txap-ekin egin genuen eta gustura gelditu gara".

Diskoaren azala taldeko bateri-jotzaileak, Oihan Amezuak diseinatua da. "Azalerekin zerbait originala egin nahi genuen: azalean agertzen diren hizki horietatik edozein hitz, edozein kontzeptu, atera daitekeela da: Ezinean beste bat gehiago dela, ez dela ezer berezia" diote.

Orain diskoa kalean dela, lau musikariak kontzertuak emateko gogoz daude. "Diskoa kaleratu dugunetik kontzertu batzuk eman ditugu. Azken finean, kontzertuetan pasatzen dugu ondoen eta hori da nahi duguna; kontzertuak ematea" diote.