Inauteriek izan duten parte hartzearekin gustura dago Udala

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 2a, 14:03

Sokamutilen ustez, astearte goizeko sokamuturrean jende ugari ibili da eta "oso giro ona" izan da (Urola Kostako Hitza)

Udaleko Festa Batzordea gustura dago, "herritarren parte hartzea handia izan delako inauterietan". Sokamutilak ere Udalaren iritzi berekoak dira: "Sokamuturrean ere jende asko ibili da eta oso giro ona egon da".

Igandean, Elegante Egunean, Itsasi Dantza Taldeko artzain-inudeen kalejiran danbor-jotzaileen talde batek parte hartu zuen. Udaleko Festa Batzordearen ekimena izan da danborradako talde hori irtetea. "Azkenengo urteetan artzain-inudeak indarra galtzen ari direla iruditzen zitzaigun eta ekimen hori indartu nahi genuen. Orain dela 20 urte dantza taldekoekin batera danbor-jotzaileen talde batek irteten zuen eta berriro ere ohitura hori berreskuratu dugu aurten", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa Batzordeburuak.

Datorren urtean ere danbor-jotzaileen taldeak irtengo duela uste du Ibartzabalek: "Aurten irten duten batzuk datorren urtean ere irtengo luketela esan dute eta hurrengoan ere irtengo duelakoan gaude".

Inauterietako igandea ondo joan zen Udalaren iritziz, baina astelehenerakin ere gustura dago. "Haurren kalejira oso ondo atera zen. Aurten, gainera, lau animatzaile ekarri ditugu kalejira sustatzeko. Bukaeran, gozokiak banatu ondoren, animatzaileek jaialdi bat antolatu zuten plazan eta haur ugarik parte hartu zuen", dio festetako batzordeburuak.

Helduen artean ere parte hartzea eta irudimena nagusitu zela diote Udalekoek: "Aurten jendeak asko landutako mozorroekin irten du kalera eta sariak banatzea inoiz baino zailagoa egin zaigu. Horregatik, nahiz eta merezi, bat baino gehiago gelditu da saririk jaso gabe. Mozorrotuta atera diren guztiei zorionak eman nahi dizkiegu eta datorren urtean ere berriro mozorrotzera animatu nahi genituzke". Diruaz gainera sari berezi moduan hamar jatetxetan afariak banatu zituzten astelehen gauean. "Afariak eman dituzten jatetxe guztiak eskertu nahi genituzke Udaletik".

Zezenean ere jende asko

Sokamutilak gustura daude inauterietan sokamuturrean izan den giroarekin. "Orokorrean oso ondo joan da inauterietako egun guztietan. Astearte goizean Enparan kalean neska batek aurpegian min hartu zuen, baina gainontzean dena ondo atera da", dio Fernando Arakistain sokamutilak.

Inauterietan orohar jende asko ibiltzen da zezenean. "Egunero-egunero jende asko ibili da sokamuturrean. Baina astearte goizeko zezenean jende asko ibili zen, eta oso giro ona egon zen. Astearte goizean, aurtengo jende laurdenik ibili ez den urteak ere izan dira. Bestela, urtero bezalaxe joan da sokamuturra".