Kulturako mahaia osatzeko lehen pausoa eman dute

Urola Kostako Hitza | Kultura
2006ko ots. 20a, 11:02

Udala eta herriko taldeak bat etorri dira mahaiak, zabala, irekia eta parte hartzailea izan behar duela esatean (Urola Kostako Hitza)

Kulturako mahaia nola osatu erabakitzeko lehen batzarra egin zen ostegunean (hilak 16), eta Inauteriak pasatu ondoren, arloz arloko taldeen batzarrak deitzea eta egun batzuk beranduago mahaia osatuko dutenak elkartzea erabaki zuten. Bileretako deiak Udalak egingo dituela erabaki zen.

Lehen bileran, Udaleko Aitor Gorrotxategi, Kultura Batzordeburua, Manuel Unanue, EAko zinegotzia, eta hainbat taldetako ordezkariak (25 lagun) bildu ziren.

Gorrotxategik mahaia osatzeko arloz arloko taldeetako ordezkariak aukeratzea proposatu zuen: "Inori ateak ezin dizkio itxi mahaiak, eta nahi dutenek parte hartzeko aukera izango dute, baina eraginkorra izan behar du. Taldeak arloka elkartu eta ordezkariak aukeratzea proposatzen dugu guk, baina, hala ere, talderen batek bere ordezkaritza eduki eta lan egiteko gogoa badauka, mahaian bere lekua izango du".

Uztarriari ondo iruditu zitzaion mahaia irekia izatea eta lanerako eta parte hartzeko gogoz daudenekin osatzea, baina arloz arloko ordezkariak aukeratuz gero, ondoren, ordezkari horiek arloko gainontzeko taldeekin "informazioa trukatzea bermatu" behar dela adierazi zuen.

Aitzol Iparragirrek, Alderdien Legeak legez kanpo utzitako Habeako zinegotziak, "arloz arlo ordezkariak aukeratu baino, parte hartu eta lan egiteko gogoz dauden denei mahaian parte hartzeko gonbidapena" luzatu behar zaiela adierazi zuen. Bertan bildutako taldeetako ordezkari denak bat etorri ziren mahaian parte hartzeak irekia izan behar duela.

Inauterien ondoren arloz arloko taldeen batzarrak deituko ditu Udaleko Kultura Batzordeak. "Bilera horietan kultura mahaian parte hartu nahi duten ordezkariak aukeratuko dira. Baina talderen batek bere ordezkaria izan nahiko balu, lekua izango du mahaian", zioen Gorrotxategik. Ondoren, mahaia osatuko dutenek bilera egingo dute, kulturako mahaia izango denaren lehen batzarra, hain justu.

Lantzeko lehen gaiak

Kulturako mahaiaren lehen batzarrean landu beharreko gaiak ere erabaki zituzten ostegunean bildutakoek: mahaiaren beraren funtzioa eta funtzionamendua zein izango diren, eta Udalak kultur taldeei ematen dizkien diru laguntzetan zein irizpide erabiliko diren eztabaidatu eta adostu beharko dituzte.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu