Udalak Soreasuko kultur guneko proiektua aukeztu du, aldaketa sakonik egin gabe

Uztarria 2006ko ots. 10a, 19:02

Egitasmoa "oso garrantzitsua da" eta "ez du atzera bueltarik"

Baztertu egin du bertan Uztarriak proposatutako Kafe Antzokia egitea

Atzo (osteguna) aurkeztu zuten Soreasuko kultur gunearen proiektua Azpeitiko Udaleko arduradunek, arkitektuekin batera. Ez dute aldaketa sakonik egin, nahiz eta proposamenak jaso dituzten. Esaterako, Uztarria Kultur Koordinakundeak Soreasun Kafe Antzokia ere egitea proposatua zion, baina Udalak baztertu egin du.

Soreasuko proiektua "oso garrantzitsua" dela esan zuten udal arduradunek eta "herriko beharrei erantzuten" diela. "Talde denek bertan tokia izango dute, eta erabilera anitzeko espazioak bilatzen saiatu gara. Ni emaitzarekin gustura gelditu naiz", zioen Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak.

Uztarria Kultur Koordinakundea, ordea, Udalak orain arte emandako pausoekin kritiko azaldu zen. "Udalak deitu dituen bilerak informatiboak izan dira batik bat, nahiz eta publikoki esan izan duen ‘Soreasu denon artean eraikiko’ zela. Ez da halakorik gertatu, ordea. Udalak Soreasuko kultur guneaz emendakinak egiteko epea ireki zuen irailean, orduan Kafe Antzokia egitea proposatu genion eta gaur jakin dugu Udalaren iritzia zein den, lau hilabetera. Ez du batere hitz egin horretaz gurekin. Zertarako eman orduan emendakina sartzeko aukera? Dena erabakita du Udalak eta gaur etorri da aurkeztera", esan zuen Jaione Unanue Uztarriako ordezkariak.

Julian Eizmendi alkateak zioen aldaketak ezin direla "hilero" egin eta "Uztarriak egiten duen proposameneko ia ekitaldi gehienak egiteko aukera ematen du Soreasuko kultur guneak. Funtsik ez du Uztarriaren proposamenak Soreasuri begira". Era berean, zioen proiektua, dagoen bezala, "aurrera" doala. "Ez du atzera bueltarik. Proiektuarekin bueltaka ezin dugu ibili, Uztarriaren asmoak ehunka metro koadrori eragiten dielako. Soreasun apustu handia egin dugu eta parte zaharraren aldeko apustuarekin lotuta dago".

Hauek izan ziren Kafe Antzokiaren proposamena egin zuten Uztarria Kultur Koordinakundeko taldeak: Argazki Elkartea, Azpeitian Gazteok Zer?!, Ikasberri Kultur Taldea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Urrestillako eta Zubi- zarreko musika taldeak, Orkatz Kultur Elkartea, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Lakrikun Antzerki taldea, Kitarrista Taldea, Natatxa Films eta Literatuzta Taldeak. Itsasi Dantza Taldea, Txistulari taldea eta UEMEk babesa adierazi zioten.

Ostegunerako, otsailaren 16rako, hitzordua jarri zuten, kulturako mahaia osatzeko asmoz. Sindikatu Zaharrean izango da bilera, 19:30ean.

Sanagustinpeko aukera

Sanagustipen ikus-entzunezko aretoa egiteko proiektua ere aipatu zuten bileran. 1998an erabaki zuen Udalak kultur erabilerarako moldatzea, eta Espainiako Gobernuaren diru laguntzen zain dago. Eizmendi alkatearen ustez, "gaur egun udaletxeko arkupetan edo plazan egiten diren zenbait ekitaldi egiteko balio dezake Sanagustinpek, eta Santutxo auzoaren azpian egin nahi den plaza estaliarekin lotuta egongo litzateke".

Manuel Unanue EAko zinegotziaren ustez, berriz, Sanagustinpen Uztarriak proposatutakoak aukera izan dezake. "100 eta 600 laguneko aretoen erdi bitarteko bat egiteko aukera ematen du Sanagustinpek; Soreasun kultur ekitaldietarako, tamaina horretako areto bat faltako da. Uztarriaren proposamenak, beraz, Sanagustinpen lekua izan dezakeela uste dut. Bertan zer egin erabakitzeko prozesu eta dinamika abiatu beharko da".

Uztarriako ordezkariak esan zuen ez dutela konfiantza handirik. "Batetik, Soreasurekin gertatu dena dugu. Udala taldeekin bildu da baina ez du batere eztabaidatu. Parte-hartzea desaktibatzea da hori. Eta, bestetik, beti esaten da laster egingo direla obrak Sanagustinpen, baina oraindik hor dago, utzita. Hori dena ikusita, aurrera begira ez dugu konfiantza handirik Udalarekin".

Kultur gunea

Parte zaharreatekin bat. Soreasuko kultur gunearen proiektuak, parte zaharra eta Soreasu auzoa lotuko ditu, estalitako kale baten bidez.

Lur azpiko aparkalekuak. Lur azpiko bi solairu egingo dituzte, autoentzako aparkalekuekin; 250-260 toki egongo dira.

Auditoriuma. Auditoriumak 600 lagunentzako lekua izango du.

Taldeak. Auditoriumari lotutako eraikinean musika, dantza eta abesbatzekin lotutako taldeak egongo dira, "auditoriumeko taula beharko badute, gertu egoteko". Beste eraikin bat, kultur etxea izango litzateke, erabilera anitzeko gelekin eta tailerrekin; multzoka, arloka, banatu dituzte taldeentzako txokoak. Hiru areto daude 15-250 metro koadro artekoak, hainbat erabilera izan ditzaketenak.

Kafetegi txikia. Norabide guztiak biltzen dituen gunean kafetegi txiki bat egongo da, eta gertu, erabilera anitzeko aretoa du. Areto, horrek eskenatoki bat jartzeko aukera du, bi maila dituelako; ireki eta kafetegia eta aretoarekin espazio bakar bat egin daiteke.

Lur azalera. Eraikin guztiak 2.200 metro koadroko lur azalera hartuko du. Auditoriumak 1.800 metro koadroko azalera izango du.

Aurrekontua. 5.409.000 euroko aurrekontua du. Erdia, Aldundiak eta Jaurlaritzak lagunduko dute diruz.

Obraren epeak. Datorren astean Soreasuko ubideak bideratzeko lanak hasiko dituzte. Proiektua ekainerako bukatuta egongo da eta lehiaketara aterako du Udalak. 14 hilabeteko epea izango dute lehiaketara aurkezten direnek, eta 2007ko abendurako lanak ematearen prozesuarekin bukatzeko asmoa du Udalak.

Uztarriaren emendakina. Soreasuko guneari buruzko emendakina egin zuen uztarriak orain lau hilabete eta erdi, eta ostegunean jaso zuen erantzuna, bilera zabalean.