"Lehengo bertsokeraren erakusleiho polita izango da"

Irutxuloko Hitza 2006ko urt. 25a, 12:01
Joxe Agirre eta Amets Arzallus, Donostian.

Bertso Egunean 60ko bertsolaritza izango da ardatz; Joxe Agirrek eta Amets Arzallusek atzo eta gaurko bertsolaritza izan dute hizpide Irutxuloko Hitzan

Larunbatean, urtarrilak 28, Bertso Eguna egingo da Kursaalean. Aurten, 60ko hamarkadako bertsolarien xarma berreskuratzeko asmoz, bertso saio ederra prestatu dute Bertsozale elkartekoek. Antolakuntzako kide da Amets Arzallus. Ekitaldian ariko den bertsolarietako bat, Joxe Agirre. Garai bateko eta oraingo bertsolaritzaz hitz egin digute.

Amets, zer ikasi duzu Joxe Agirreren belaunalditik?

Amets Arzallus: Asko. Joxe Agirre, Imanol Lazkano eta Manuel Lasarteren bertsoak irakurriz zaletu nintzela aitortu behar dut. Azkenaldian asko aipatzen da bertso eskolek emandako fruitua. Dena dela, bertso eskoletatik pasa gabeko bertsokerak ere berezko distira duela uste dut. Belaunaldi horretatik denok dugu zer ikasia.

Eta Joxek nola ikusten du belaunaldi berria?

Joxe Agirre: Amets eta bere belaunaldiko bertsolariak gu izan ginena baino hobeak dira. Bertsolaritzak ez du sekula hain maila handia lortu. Gaztetan, dozena erdi bertsolari ibiltzen ginen batetik bestera. Gaur egun, 30 bertsolari baino gehiagok egingo lukete bertso saio ona edozein herritako plazan. Lehen halakorik ez zen.

Zer alde dago garai bateko bertsokeratik oraingora?

Arzallus: Handi samarra. Hizkuntzaren grazia asko galdu da. Joxeren belaunaldiko bertsolariek, bertsotan ari ez zirenean ere, hizkuntzarekin jolas egiten zuten. Elkarri ziria sartzen zioten, eta malezia hura bertsotan asko nabari zen. Bertsoa bera ere ia jolas horren barnean sartzen zen. Bertsokera aldetik Joxe Agirrek eta Lasartek errima estu eta hizkuntza egoki erabiltzen dute. Etorri handiko bertsolariak dira. Natural egiten dute bertsotan.

Agirre: Gaur egungo gazte guztiak ez dira berdinak. Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazuri, esate baterako, bertsolaritza berezkoa dutela nabari zaie. Gure sasoian ere, bertsolarien artean aldeak zeuden. Basarri eta Uztapide desberdinak ziren; biak onak, baina desberdinak. Aldea ez da belaunaldi artekoa bakarrik.

Gaiak aldatu dira, ordea.

Agirre: Orduko gaiak gaur egungoak baino errazagoak ziren eskola gutxikoontzat. Edonork kantatzeko moduko gaiak jartzen dira orain ere; baina baita oso zail direnak ere.

Arzallus: Guk baino informazio gutxiago izango duzue munduaz, beharbada. Baina, segur aski, bizitzaz eta eguneroko gauza txikiez, baserriko bizimoduaz eta jendarteko tratuaz, guk baino askoz gehiago dakizue. Orain gaiak askotarikoak dira. Sharonen larruan jarrita bertsotan aritzea egokitu zitzaidan aurrekoan. Lehen, gaiak inguruagokoak ziren. Baina ez horregatik errazagoak.

Agirre: Horren inguruko anekdotatxo bat badut gogoan. Goizuetarra zen Andres Narbarte bertsolaria. Txapelketa batean, Fabiola erreginaren gaia jarri zioten. Eta, Narbartek, nor zen jakin ez. Antonio Zabala omen zegoen epaimahaian. Handik gutxira, elkarrekin egin zuten topo. Aita Zabalak agurtu zuen Narbarte. Eta, Narbartek "nor zaitugu zu?" galdetu zion. Aita Zabalak hala erantzun zion: "Donostian kantari izan zinenean epaimahaikide nintzen. Eta Narbartek: "Fabiolaren gai puta hura jarri zenutenean?"

Amets, zeintzuk dituzu Joxeren belaunaldiko bertsolari kutunenak?

Arzallus: Joxe Agirre oso gustuko dut. Askotan esan dut. Manuel Lasarte ere aparta iruditzen zait. Hura kantuan ez dut ezagutu, baina grabazioak entzun eta bertsoak irakurri dizkiot.

Joxe, eta zuk gazteen artean zeintzuk dituzu gogokoen?

Agirre: Jexux Mari Irazu oso gustuko dut. Amets Arzallus, zer esanik ez. Baita Colina ere.

Zein izan da Bertso Egunetako unerik politena?

Arzallus: Bertso Eguna bakan batzuetan izana naiz. Inoiz kantuan, eta gehienetan entzuten. Joan den urtekoan bizi nuen unerik goxoena, ziurrenik. Gurrutxaga, Jon Martin eta hirurok kantuan izan ginen, eta nahiko ondo atera zitzaigun.

Agirre: Afalondoa ere polita da. Bestela ikusiko ez genituzkeen lagunekin topo egiten dugu

Zein da aurtengo gauzarik erakargarriena?

Arzallus: Oraindik baden eta lehen ere bazen bertsokera bat ezagutzeko erakusleiho oso polita izango dela.

Azken puntua jarri beharko diogu hemen elkarrizketari: "Zaharrak bertsotan kantari, gazteak kontu-kontari..."

Agirre: "...afalondoa iritsitzean erreza izaten da hori zaharrak kaztigau behar gaituztela hori entzunda badirudi".

Arzallus: "...edukazio gutxiko hitza ez ote da izan hori guk zaharrari ez, entzun behar diogu gaur gaztea ez denari".