Hasi da jaia, danbor hotsez

Urola Kostako Hitza / Uztarria | Festak
2006ko urt. 20a, 11:01

Helduen danborradako 700 danbor-jotzailerekin lehertu zen atzo San Sebastian jaia Azpeitian (ikusi argazkitan edo albistea Urola Kostako Hitzan); gaur jarraituko du

Danborrada plazan  Argazki originala

Atzo, San Sebastian bezperan zeruak ere txapela jantzi zuen egun osoan zehar, eta zirimiriak danborradari amenazu egin bazion ere, azkenean festa giroa gailendu zen Azpeitiko kaleetan; helduen danborradarekin lehertu zen festa. Badaezpada, eta iazko arazoak ez errepikatzeko, aurretik danborradako partaide guztien artean zirak banatu zituen Udalak.

Danborren festa hasi aurretik, indarrak hartu eta umorea girotze aldera afarien tartea izan zen elkarte eta jatetxeetan. Arratsaldean zehar, herriko elkarteetan sukaldeak bizi-bizi jardun zuten lanean danborrada aurreko afaria prestatzen. Gustu guztietarako menuak dastatu zituzten atzo danbor-jotzaileek. Menu soilak, prestatuagoak, ohikoak eta mokofinentzat modukoak izan ziren Azpeitiko mahaietan. Sabela ondo beteta, danborradako partaideak kalera irten ziren danbor hotsak kaleetan zehar zabalduz. Soreasuko Sebastian donearen parrokiaren atarian egin zuen lehen geldialdia danborradak. Gauerdian, usadioari jarraituz, plazan elkartu ziren talde guztiak. 700 danbor-jotzailetik gora izan dira aurten ere festan. Herriko enparantza eta erdialdeko kaleak ikuslez gainezka izan ziren atzo, azpeitiarren jai kutunaren lekuko izateko.

Gauerdirako danborradako talde guztiak Enparantza nagusian bilduta zeuden eta kanpaiak jo orduko herriko bandera igo zuen alkateak. Ohi bezala, helduek ateratako danbor hotsarekin hasi zen 24 orduko jaia. Gaur gauerdira arte jarraituko dute jai giroak eta danbor hotsek herrian.

Herriko presoak gogoan

Danborrada plazara heldu zenean, une batez danbor hotsak isildu egin ziren eta Oilo-Soroko Iosu Badiola danbor-jotzaileak Euskal presoak Euskal Herrira Azpeitiko Topagunearen izenean manifestu bat irakurri zuen, "ihesean edota espetxean aurkitzen diren herritarrak gogoan hartzeko tartetxo" bat eginez. "Herritar guztion lanak eta bultzadak bakarrik amaitu dezakete, ihesean eta espetxean dauden herritarren, eta Espainiako edota Frantziako kartzeletan aurkitzen diren ia 700 euskaldunek bizi duten egoera honekin. Ez zaizkie oinarrizko eskubideak onartzen, ez eta beraien izaera politikoa eta prozesu politikoan parte hartzeko eskubidea ere. Bide luzea dago egiteko, eta horregatik oraindik batu ez diren eragile, alderdi edota herritarrei ere deia luzatzen diegu sufrimenduarekin amaitu, eta konponbiderako urratsak eman ditzaten".

Gaurko egitaraua

09:30etan. Herriko kaleetan txistularien eta Musika Bandaren goiz erezia. Ardozaleak eta Gure Ametsa Taldeek, Udal Musika Bandarekin batera herriko kaleetan ibiliko dira.

10:15etan. Herriko agintariak korporazioan Soreasuko Sebastian Donearen elizara joango dira.

10:30etan. Prozesioa.

10:45etan. Sebastian Donearen elizan meza.

12:00etan. Sokamuturra.

12:30ean. Aranetik eta Hartzubiatik irtenda Haurren danborrada.

16:00etan. Haur parkea Olazko Amaren plazan.

16:30ean. Sokamuturra eta Nahidekeena txaranga herriko kaleetan.

18:30ean. Nahidekeena txaranga, Sanjuandegi Elkartea eta Barratsu Elkarteak San Sebastianetako danbor doinuak joko dituzte kaleetan zehar.

20:00etan. Egan taldearekin karaokea eta erromeria herriko plazan.

22:00etan. Izarraitz pilotalekuan pilota partidak.
Unanue-Begino
Leiza- Pe├▒agarikano

Koka- Beloki
Martinez de Irujo- Eulate

24:00etan. Bandera jaitsiera. Itsasi, Harkaitza, Amnistia eta Arrantzaleak elkarteek joko dute bandera jaitsieran.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu