Ion Etxeberriak ezin izan du erremonteko finala irabazi

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 14a, 19:01

Ezkurrak eta biek 32-40 galdu dute Zeberio II.a-Auzmendiren aurka

Galdu arren, partida ona egin du azpeitiarrak

Erremonteko txapelik ezingo du herrira ekarri Ion Etxeberria erremonteko azpeitiar jokalariak. Izan ere, XXXV. Faustino Txapelketako finala galdu egin du gaur (urtarrilak 14) Koteto Ezkurrarekin, Zeberio II.a-Auzmendiren aurka; 40-32 egin dute, Galarretan.

Hasieran Zeberio II.a-Auzmendi jarri dira aurretik, eta partida osoan aurrea hartuta joan dira. 6-1 galtzen hasi da azpeitiar atzelariak osatutako bikotea; gero, 8-2, 11-3, 14-9, 15-12, 24-18, 29-22, 33-25, 34-28, 38-32 eta 40-32.

Zeberiok bosgarren txapela lortu du; Kike Elizalderekin batera txapel gehien dituen pilotaria da. Auzmendik, berriz, bigarrena du.

Irabazleek oso maila ona erakutsi dute. Ion Etxeberria pilotari azpeitiarrak (22 urte) ere partida ona egin du; errebotean oso ondo aritu da. Maila eskasena eman duena Ezkurra izan da.