Juan Antxietaren musika grabatu du Peñaflorida Kaperak

Berria 2006ko urt. 11a, 15:01

Missa Rex Virginium / Motecta diskoan Josep Cabrek zuzendu du Kapera (Berria )

Juan Antxieta azpeitiarrari (1462-1523) bere garaiko testuingurutik begiratu nahi izan dio Peñaflorida Kaperak Missa Rex Virginum / Motecta disko berriarekin. "XVI. mendeko bigarren zatiko ikuspegi manieristan kokatzearen ordez, bere garaiko musikagile handien testuinguruan kokatu nahi izan dugu, izatez errenazentista den garaian baina Erdi Aroko ezaugarrien oinordekotza handia erakusten duen garaian, hain justu", Josep Cabre kaperaren zuzendariak adierazi duenez.

Hamasei abestiko diskoak, Antxietaren lanez gain, Gonzalo Martinez Bizkargi azkoitiarraren (1460-1528) ezagutzen den lan bakarra ere badakar: Salve Regina hain zuzen. Eta baita Portoko (Portugal) Pedro Escobarren (1465-1535) beste bi konposizio ere: Sanctus eta Agnus Dei.

Dokumentuetan arakatuz

Antxietaren musika berreskuratzean, Caprek ez du zailtasunik izan ahotsei dagokienez, "dokumentazio iturriak nahiko zehatzak dira", baina instrumentuena "arazo" izan du, garai hartako dokumentu idatzietan ez baitago ezer zehaztua. Azkenean, familia desberdinetako instrumentuen nahasketa egitea hobetsi du Cabrek. Horretarako, garai hartako ikonografian oinarritu da batik bat. XVI. mendeko margolanetan instrumentu asko erakusten baitituzte aingeruek eta erlijio irudiek.

Missa Rex Virginum / Motecta diskoa kaleratzeko Kutxaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izan du Peñaflorida Kaperak.