'Hitza', dagoeneko Gipuzkoako bigarren egunkaria

Uztarria | Komunikabideak
2005ko abe. 30a, 15:12

CIES enpresaren arabera, 69.000 irakurle ditu herrialdean

Hazten eta zabaltzen doan proiektua da

Hitza proiektua hazten doa, zabaltzen ari da, eta horren adierazgarri da ondorengo datua: Gipuzkoan dagoeneko bigarren egunkaria da, 69.000 irakurlerekin, CIESen arabera.

CIES Espainiako enpresak, hain zuzen, komunikabideen audientziak urtean bi aldiz neurtzen ditu. 2005ean, martxoan egin zuen lehen neurketa eta azaroan bigarrena. Azken horretan, urteko datu metatuak ematen ditu, eta horien arabera, Hitza egunkariek denera 71.000 irakurle dituzte (asteburuetan, 77.000); aipatu bezala, 69.000 Gipuzkoan. Bere irakurle gehienak 26 urtetik 55 urte artekoak dira: 44.000.

Hitza aurten sartu da aurreneko aldiz CIESen neurketan, eta pozik egoteko moduko datuak dira. Izan ere, proiektu berria da Hitza eta tokian-tokian, oro har, oraindik sustapen eta hazte prozesuan dago. Horretaz gain, kontuan hartu behar da lehen datu neurketa martxoan egin zutela eta Irutxuloko Hitza artean sortu berria zela (otsailaren 17an); gaur orduan baino askoz irakurle gehiago ditu, zortzi mila harpidedun dauzkalako. 'Goierriko Hitza'-k, berriz, martxoan urte erdia besterik ez zeraman. Gainera, CIESek emandako datuak hobeak izan zitezkeen 'Hitza'-rentzat, neurketa hori Gipuzkoan 'Hitza'-rik ez dagoen hainbat herritan ere egin baita (Irun, Hernani, Elgoibar, Andoain, Eibarren...), eta horrek ere eragina izan du datuetan.

El Diario Vasco da Gipuzkoan egunkaririk irakurriena, CIESen arabera: 294.000 irakurle ditu. Hirugarren tokian Gara dago: 46.000, 'Hitza'-tik 23.000ra.

'Hitza'-ren arduradunek tokian-tokian irakurle kopuruan goraka joatea espero dute, baita Euskal Herrian halako egunkari gehiago sortuta ere. Gaur egun Gipuzkoan bost Hitza daude, Bizkaian bi.

Berria euskarazko egunkari nazionalari dagokionez, aurten 2004ko datuak mantendu egin ditu CIESen: 63.000 irakurle Hego Euskal Herrian. EGMren arabera, berriz, Hegoaldean 69.000 ditu (2004an baino mila gehiago). Hitza ez dago EGMn sartuta.

'Hitza'-k

Gipuzkoakoak.
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza. Euskarazko lehen eskualde-egunkaria Tolosaldean sortu zen, 2001eko abenduan: Tolosaldean Egunero. Egunkaria itxi zutenean (2003ko otsailean), 'Tolosaldeko Hitza'-k hartu zuen 'Tolosaldean Egunero'-ren lekua. 2004an Nafarroara, Leitzaldera zabaldu zuten. Tirada: 7.000 (beste Hitza denetan bezala, izena eman behar da kazeta jasotzeko).
Oarsoaldeko Hitza. 2003ko ekainean sortu zuten. Tirada: 6.000.
Urola Kostako Hitza. 2004ko otsailean. Tirada: 10.000. Horko bazkideetakoa da Uztarria Kultur Koordinadora.
Goierriko Hitza. 2004ko urrian. Tirada: 8.000.
Irutxuloko Hitza. 2005ko otsailean sortu zuten Donostiako euskarazko egunkaria. Hain zuzen, lehen hiriburu-egunkaria izan zen. Tirada: 8.000.

Bizkaikoak
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza. 2003ko azaroan. Gipuzkoako herri batean ere banatzen da, bistan denez: Mutrikun. Tirada: 5.300.
Busturialdeko Hitza. 2005eko abenduan. Sustapen kanpainan dabil oraindik.

Bidali:  

Erantzunak

Hori | 2005-12-31 : 15:12

Hori da bidie, euskerazko prentsa zabaltzen jutea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu