Sua nahi?

Jose Luis Otamendi | Iritzia
2005ko abe. 28a, 11:12

Jose Luis Otamendik idatziriko gutun bat dakar gaur Berria -k

Kritika jarduera jaso eta duintzat daukat. Hala ere, bidean ageri diren zenbait koska eta zulo tarteko, itxaropena galtzen dut boladatan. Iritzia libre da, beldurra eta beste hainbat jarrera eta sentimendu bezalaxe, baina egiten dena egiten dela arduraz ere egin behar da, hots, hautu horrek izan ditzakeen ondorioak aurreikusi eta aurpegi emateko gertu gaudela.

Astebetetsuko epean Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburuari bi tarte eskaini zaizkio egunkari honetan, neuri zein zein baino iraingarriago iruditu zaizkidanak pasarte batzuetan.

Ez dakit euskaltegiko literatura nahi den egin gurean. Ez dakit inoiz hasiko garen literatur irizpidez neurtzen literatur liburuak, hiztegi zailtasun-erraztasunak eta tramaren itxurako gainazalari soilik begiratu ordez. Koldo Izagirreren itsasoa ez da itsasoa, nahiz kresalak bihotza hartu maiz, sozialismoa nerabearen aldi bateko liluramendu merkea ez den bezala, nahiz borroka mota gehienak humanitate eskola izan. Iruditzen zait irakurleari errespetua zor diola edozein agerkarik, eta gurasokeriaz jokatzea ez datorrela horrekin inondik ere bat.

Jendetasuna galdatzen dut idazletzarentzat, beste edozein jarduerarentzat bezalaxe. Modak, publizitateak, argitaletxeek eta egunkarietako erredakzioek edo euskalgintzaren parametro jator-pollittek ebatzi behar ote dute literaturaren norabidea? Zer irakurri eta entzun behar dugun egunero?

Jardun librea eta zokokerietatik goragokoa nahi badugu, idazletza beste modu batez tratatzen hasi beharko dela iruditzen zait. Literaturari munduaren imajinarioa edo ikusmira aberastea dagokio zinez. Eta Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburuarekin ere horretan ari da Koldo Izagirre eman ahalean.

Bada garaia, nik uste, gutako bakoitza ari garen lanean (kultur produkzioan, sormenean, hedapenean edo kudeaketan) serioak izaten saiatzen hastekoa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu