Zazpigarren 'Hitza', Busturialdekoa

Uztarria 2005ko abe. 15a, 13:12

Gaur (osteguna) atera dute 1. zenbakia, eta erreferente izan nahi du informazioan eta euskararen normalizazioan

Hitza denen artean 50.000 ale pasako tirada, egunero

Busturialdeak ere badu Hitza egunkaria. Hain zuzen, gaur (osteguna) atera dute 1. zenbakia; aurkezpen-jaialdia, atzo gauean egin zuten, Bermeon. Eskualdeko euskalgintzako elkarteak eta gizarte eragileak, eta Bertako Hedabideak (Berria-ren Euskarazko Komunikazio Taldekoa) dira Busturialdeko Hitza-ren bazkideak.

Han ere eskualdean "euskarazko komunikabideen sarea" osatzen joatea da helburua. Hala, lehendabizi, egunkaria sortu dute, eta "kalitatekoa" egin nahi dute, "erreferentzialtasuna lortzeko informazioan eta euskararen normalizazioan".

Astean sei aldiz, zortzi orrialdetan, eskualdeko 20 herrien berri emango du (Bermeo, Gernika, Mundaka...). 43.700 biztanle bizi dira Busturialdean eta oso euskalduna da (%77). Horren arabera, "eta euskara oraindik normalizatua ez dagoela ere kontuan hartuta", 6.000-7.000 aleko tiradara heltzeko helburua daukate.

Bermeoko Udalarekin hitzarmena sinatu dute, legealdikoz, eta Udalak urtean biztanleko hiru euroko laguntza emango die. Beste udalekin hizketan ari dira.

Beste ‘Hitza’-k

Zazpigarren Hitza da Busturialdekoa. Hauek dira beste seien datuak:
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza. Euskarazko lehen eskualde-egunkaria Tolosaldean sortu zen, 2001eko abenduaren 18an: Tolosaldean Egunero. Egunkaria itxi zutenean (2003ko otsailean), Tolosaldeko Hitza-k hartu zuen Tolosaldean Egunero-ren lekua. 2004an Leitzaldera zabaldu zuten.
Oarsoaldeko Hitza. 2003ko ekainean sortu zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza. 2003ko azaroan.
Urola Kostako Hitza. 2004ko otsailean. Uztarria Kultur Koordinadora, bertako sortzaile eta bazkideetakoa da.
Goierriko Hitza. 2004ko urrian.
Irutxuloko Hitza. 2005ko otsailean sortu zuten Donostiako euskarazko egunkaria. Hain zuzen, lehen hiriburu-egunkaria izan zen.

‘Hitza’ denak

Bazkideak. Tokian tokiko —aldizkarien— euskara elkarteak, gizarte eragileak (270 inguru dira, oraingoz) eta Bertako Hedabideak (Berria-ren EKT enpresakoa).
50.000 ale pasako tirada. Busturialdeko Hitza-k bere helburua betetzen duenean, Hitza denen artean 50.000 ale pasako tirada izango dute. Izena eman behar da egunkaria jasotzeko.
101 herri, hiriburu bat. Hitza denen artean 101 herriez informatzen da eta hiriburu batez.