'Mazinger Z' eta Ratzinger Zero

Aitor Arana 2005ko aza. 29a, 17:11

Urrestillan bizi den idazleak Ratzinger aita santuaren eta zelibatoaren inguruan eman du iritzia Berrian

Nerabetxoak ginenean astero-astero Mazinger Z telesaila ikusi genuenok, halako oroitzapen goxoa gorde dugu mundua babestu nahi zuen robot haren inguruan. Helduak egin garenean, bortxaz eta gerraz beteriko telesaila zela ulertu dugu, matxismoz betea izateaz gain (Gogoratu Kojiren eta Saiakaren arteko harreman sexista eta menperatzailea).

Antzeko zerbait gertatzen da Ratzinger jaunarekin (aita santu izena merezi duen gizonik ez dago, denok gizakiak garenez, eta zilegi bekit "jauna" deitzea). Elizaren barneko loria hodeitsuz eta lurrintsuz bildurik ager daiteke bere jarraitzaile ugarien aurrean, baina gero Mazinger Zk bezala ongi daki ukabilak erakusten. Oraingoan, Eliza adingabeko neska-mutikoen aurkako sexu erasoz itota dagoela-eta, zer bururatuko, eta egoera horren errua bere erakunde barruko homosexualei leporatzea eta hauek apaizgaitegietan sartzea galaraztea. Horrek pentsaraz dezake, gainera, laster neskatilei erasotzen dieten apaiz heterosexualak ere kanporatu beharko dituela.

Nire ustez, arazoa ez da homosexualitatea; ezta heterosexualitatea ere. Arazoak zelibatotik datozela pentsatzea ez da burugabekeria, gauza jakina baita norbaiti sexu jarduna eragozten zaionean, bere osasun fisikoa eta psikikoa erasanda geratzen direla. Kristautasunaren hasierako garaietan bezala, zelibatoari ez litzaioke halako garrantzirik eman behar. Apaizek, gosea edo egarria asetzen duzten bezala, sexu beharra ere ase behar lukete; modu zibilizatuan eta beraiek bihotzez eta sexualki maite dituztenekin, esan nahi da.