Gaztetxeak gazteen arazoak aztertuko ditu

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 18a, 19:10

Ostiralean egindako batzarrean gazte arazoi buruzko diagnosia egitea erabaki zuten

Azpeitiko Gaztetxeak uda pasatu ondoren, irailean Gaztetxeko funtzionamenduaz eta antolaketaz hitz egiten hasi ziren. Talde eragilea osatu zuten eta horrekin batera funtzionamendua erraztearren azpi taldeak edo lan taldeak sortu zituzten. Sei dira antolatu dituzten lan taldeak: gazte problematika, aisialdia, barra eta garbiketa, diruzaintza, azpiegitura-dekorazioa eta komunikazioa. Ostiralean, urriaren 14an, herriko gazteei zuzendutako batzar zabala egin zuten eta gazte asko bildu zen bertan. Besteak beste, lehentasunak erabaki zituzten gazteek.

Batzarrean hainbat gai izan zituzten hizpide Gaztetxean bildutakoek eta lehentasunak jarri zituzten: "Batetik, Azpeitiko gazte problematikaren diagnosia egitea erabaki dugu, herriko gazteek zein arazo dituzten aztertu nahi dugu. Nola egin ere hitz egin genuen, ideia desberdinak daude baina oraindik ez dugu zehaztu nola jorratu. Bestetik, Gaztetxearen barruko egituraren antolaketaz hitz egin zen. Eskenategia non jarri, gelak egitea... Ideia desberdinak jaso ziren batzarrean eta orain horiek aurrera eramaten hasi behar dugu", diote Gaztetxeko kideek. Gaztetxe barrua antolatzeaz gainera bertako programazioaz eta ekitaldiez hitz egiten ere hasita daude gazteak. "Barruko egiturari forma ematen diogunarekin batera, aisialdiko eskaintzak martxan jartzea erabaki dugu. Gabonak bitartean zer antolatu daitekeenez hitz egiten jardun ginen eta zenbait ikastaro eta mendi irteeraren proposamenak jaso ziren. Noiz hasi edota egin ere aipatu zen, laster martxan jarriko ditugu eta horren berri emango dugu", adierazi dute.

Astero batzarrak

Bestalde, talde eragilea astero biltzea erabaki zuten, ostegunetan elkartuko dira, 21:00etan, Gaztetxean. Lan taldeak ere momentuz astero bilduko dira Gaztetxean. Gauzak martxan jartzeko asmotan bilduko dira astero.