Andoni Aranaga: "Euskaltelekin Tourra korritzeak izugarrizko ilusioa egingo lidake"

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 7a, 12:10
Aranagarekin, bi azpeitiar daude orain Euskaltel-Euskadin.

Bi urterako fitxatu du azpeitiarra Euskaltel-Euskadi taldeak

Urola Kostako Hitza egunkariak elkarrizketa egin dio Aranagari

Andoni Aranaga txirrindulariak Kaiku taldea utzi du, Euskaltel-Euskadik fitxatu duelako 2006ko eta 2007ko denboraldietarako; herenegun (urriak 4) sinatu zuten kontratua. Kaikurekin azkeneko lasterketa orain hamabost egun korritu zuen Belgikan, eta azken bi asteak geldirik egon da. "Gaur oporretara joango naiz, eta hamar egun barru datorren denboraldirako entrenatzen hasiko naiz", azaldu zion Hitzari atzo Aranagak. Orain bi azpeitiar daude Euskaltelen: Aranaga eta Albizu.

Euskaltelek fitxatuta, gustura, ezta?

Bai, gustura. Euskaltelek niregan interesa azaldu zuenean Kaiku taldekoekin hitz egin nuen, eta erabaki bat hartu beharra neukan. Kaiku taldeko zuzendariarekin hitz egin nuen, eta oso ondo konpondu ginen. Niri pena pixkat ematen dit Kaikutik alde egiteak, baina bakoitzak bere ibilbidea jarraitu beharra dauka.

Kaikun ere gustura zeunden orduan?

Bai, giro oso ona eduki dugu taldean. Lehendik taldekideak lagunak nituen, eta lagun gehiago ere egin ditut.

Eta orain Euskaltelen?

Taldekideen artean lagun handia dudan Albizu dago, eta beste askorekin egunero entrenatzen dut: zubeldiatarrak, Gorka Gonzalez, Iriondo hori ere taldera pasatuko ote den dabil... eta bizkaitarrak ere ezagutzen ditut. Taldean lagunak izatea garrantzitsua da, taldean sartzeko ere hobeto nago horrela.

Aurten bi garaipen lortu dituzu. Profesionalki zer izan dira zuretzako?

Garrantzitsuak izan dira garaipenak. Askotan pentsatu ere ez duzu egiten irabaziko duzunik, baina irabaztea posible dela ikusi dut, eta horrek konfiantza ematen dizu.

Euskaltelekoek zer asmorekin fitxatu zaituzte?

Klasiketarako fitxatu nautela esan didate, baina gero beste gauza asko ere egin beharko ditut. Klasikak korritzeko aukera izateak ilusioa egiten dit, eta buelta handiren bat egitea ere espero dut. Ea klasiketan askatasun pixkat edukitzen dudan. Gero, besteei laguntzen jardungo dut.

Zein lasterketa dituzu gustukoenak?

Klasiketatik Flandiako Tourra eta Paris-Roubaix. Tourra korritzeak ere izugarrizko ilusioa egingo lidake. Karrera asko ditut gustukoak. Hurrengo urte osoa Pro-Tour Ligan ibiliko naiz, eta gustura, naiz eta hor badauden karrera batzuk oso gogokoak ez izan...

Adibidez?

Polonia, Benelux... Baina korritu behar badira joan egin behar.

Eta zeuk dituzun asmoak edo gogoak zeintzuk dira?

Pro-Tour Ligako lasterketetan irabaztea ere zailagoa izango da, baina klasikak gustura eta sentsazio onarekin bukatzea nahiko nuke, eta, talde lanean ondo jardutea, lanerako balio dudala erakustea.