Otaegi, "injustizia txikiena ere jasan ezin zuen gizona"

Gara | Politika
2005ko ira. 26a, 17:09

Atzo (irailak 25, igandea), Gara egunkarian Anjel Otaegiri buruz Gari Mujikak egindako erreportaia argitaratu zen

Nuarbekoa izan arren, Azpeitian hezi zen eta han garatu zuen bizitza politikoa. Beti herriko saltsetan aritua, gaztetatik konprometitua, 33 urte zituela hil zuen erregimen frankistak; garbi zuen "aberriarengatik bizitza emango" zuela.

Nuarben etorri zen mundura Anjel Otaegi 1942. urteko urtarrilean, Azpeititik zazpi kilometro eskasera dagoen auzoan. Artabera baserrian jaio eta hezi zen Otaegi, eta hala deitzen zioten Nuarbeko lagunek. Ostera, Azpeiti, Dufraire –txirrindulari ona baitzen– edo Angel Nieto –moto handi batekin ibiltzen zelako– ezizenak jarri zizkioten adiskideek. Aita ezagunik ez izan arren, sendiaren bueltan bizi izan zen beti. Komunikabide frankistek hori, gizartera begira, haren aurka erabili nahi izan zuten, Txiki-rekin egin zuten bezalaxe, Extremaduran jaioa izan balitz bezala. Ostean Zestoan ikasi zuen eta 13 urterekin institutuan hasi zen.

Otaegik Azpeitiko mugimendu politikoan Jexux Arrizabalaga izan zuen kide, eta hark adierazi du: "Garaiko beste edozein gaztek bezalako bizimodua izan zuen. Gainera, institutuan ibili zen, eta orduan institutura joateak gurasoen aldetik interesa eta babesa bazela adierazten zuen". Baina ez zuen denbora handiegi igaro bertan, urtebetera lanean hasi baitzen Zumarragako Irimo enpresan. Lehenengo lan horren ostean hainbat alorretan aritu zen beharrean: mekaniko lanetan Nuarben, galdategi batean Azpeitian, hiru denboraldi Orioko itsasontzi batean... Langile fina lagunen esanetan, militantziako beharretan bezalaxe.

Pertsona ezaguna zen herriko jendearen artean, irekia izateaz gain parrandarako beta ere ba omen zuen-eta. Beti omen zuen bai adiskideekin egoteko bai bilerak egiteko bai elkarteren batean afariren bat antolatzeko aukera. Hala ere, Arauntza izan zen bere elkartea; izan ere, adiskide koadrilarekin batera sortzaileetakoa izan baitzen.

Kontroletan ere harrotuta

Mutiria izan arren, "injustiziarik txikiena ere jasan ezin" zuenetakoa omen zen Nuarbekoa. Odol hotza ez ezik erraz oldartzen zen horietakoa, gainera. Behin, Guardia Zibilak Nuarben kontrol bat ezarri zuen eta belauniko izan omen zuten denbora luzean; tartean Nuarben gozokiak saltzen aritzen zen salatari bat omen zebilen eta, nahiz eta militarren metrailetak buru gainean izan, "puta-semea" deitu omen zion behin eta berriz. Handik egun batzuetara, kalean topo egin eta lurrean ziplo utzi zuen muturreko galanta eman zion. "Gaztetatik ibili zen konprometitua Anjel. Garaiko gazte guztien antzera, egoerak berak bultzatzen baikintuen konpromisoak hartzera", azaldu du Jexux Arrizabalagak. Otaegi ganoragabeko, parrandazale eta heziketa gabea irudikatu nahi izan zuten frankistek, baina errealitatea guztiz aurkako zela diote lagu- nek. Anjel liburu artean ibiltzen omen zen, eta, gainera, une politikoaren inguruko eztabaida sutsuak gustuko omen zituen oso. Orduko EGIn ibiltzetik ETA erakundean aritzera igaro zen azkar.

ETAn eta langile artean

Sasoi horretan ETA-V.aren eta ETA-VI.aren arteko banaketa gertatua zen, nahiz eta nahaste-borraste handia egon militantzian. Arrizabalagak esan du berak ETA-VI.aren alde egin zuela. Baina Otaegik ETA-V.aren alde egin zuen, eta konpromiso eta ardura horiek klandestinitatean garatzen zituen bitartean, langile mugimenduan jarraitu zuen. 1974ko apirilaren 3an, Gregorio Posadas Zurron Azpeitiko Guardia Zibilaren burua ETA-V.aren ekintza batean hil zen. Aski ezaguna zen Azpeitian herritarren aurkako jazarpen eta errepresio bortitza egiteagatik. Ezbairik gabe, Otaegi tartean aritu zen ekintza egin zuten kideen behar guztiak asetzen. 1974ko abuztuaren 27an, Jose Antonio Garmendia Tupa eta Jose Mari Arruabarrena Tanke polizia kontrol batetik ihesean atxilotu zituzten tirokatu ostean. Tupari buruan tiro egin zioten eta denboraldi luzea egon zen koman. Orduan hatz markak hartu zizkioten eta Posadas hiltzea egotzi zioen. Betiko moduan, adierazpen erauntsi batzuen ostean agertu zen Otaegiren izena. Anjel Otaegi 1974ko azaroaren 18an atxilotu zuen Nuarbeko etxean Guardia Zibilak. Hortik Martuteneko espetxera eraman zuten eta ostean Burgoskoan izan zen, eta bere aurkako eta Tuparen aurkako prozesu militarrari hasiera eman zioten. Martutenen eta Burgosen berarekin egon zen Joxe Mari Zubillaga hernaniarra. Bera izan zen Otaegirekin egoniko azkena. "Egunean bi ordu uzten zizkioten pasiloan egoten. Guk debekatua genuen baina beti han izaten ginen, hitz-solasetan". Irailaren 26an, erabakiaren berri eman ziotenean, kide guztiak afaltzen ziren. Funtzionarioen aurka oldartu arren, eraman egin zuten. Haserre dio oso Zubilla- gak Ruiz Balerdi abokatuari kaperara joateko deitu ziotela eta hark "lunbalgia" zuela erantzun ziola. Goizeko ordu txikietan Maria, ama, eta Nuarbeko apaiza izan ziren berarekin. Espetxeko baratze batean, Polizia Armatu espainolaren boluntarioez osatutako pikete batek fusilatu zuen Otaegi 08:30ean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu