Uztarriak dio Udal berria "gai estrategikoetan" inplikatu dela, "baina ez behar bezala"

Uztarria 2005ko ira. 8a, 19:09

Kultur Koordinadorak legegintzaldiaren lehen bi urteen euskara, kultura eta komunikazioa ardatzetako balorazioa egin du, eta bilerak izan ditu ekainetik

Euskara arloan dago desadostasun nagusia, Udalak HEBE agiriari eutsiko diolako

"Udalak gai estrategikoei heldu die, baina ez behar bezala". Laburpen horixe egin du Uztarria Kultur Koordinadorak udal legegintzaldi erdiaren balorazioa egin duenean (2003ko ekainetik EAJ eta EA daude udal gobernuan; Habea, PSE-EE eta PP oposizioan).

Uztarriak, bere sorreratik (1998tik) izan dituen ardatzak hartu ditu kontuan balorazioa egitean: euskara, kultura eta komunikazioa. "Orduan arlo horietan gabezia larriak genituen (euskara planik ez zegoen, euskara elkarterik ere ez, herri aldizkaririk ere ez, kultur etxerik ere ezÂ…). Aurrera egin dugu Azpeitian, denon artean. Besteak beste, azkeneko bi urteetan. Baina gehiago egin daiteke, Udala ere behar bezala inplikatzen bada".

Azpeitiko kultur eta euskara mugimenduaren koordinadora da Uztarria, "eta denok ukitzen gaituen gaiei heldu izan diegu beti. Balorazio hau ere koordinadorako kideon artean egin dugu, eta denok ukitzen gaituen gaiez aritu gara: tresna komunikatiboak, euskara planak, kultur azpiegiturak...". Ekainaren hasierarako bazuen Uztarriak balorazioa, eta EAJrekin (jeltzaleak daude Euskara eta Kultura batzordeburu; Kulturan dago komunikazioa), Habearekin eta EArekin biltzea erabaki zuen (PSE-EEri eta PPri idatzia udaletxean utzi zien). "Balorazioa egiteaz gain, aurrera begiratu nahi izan dugu, arazoei konponbide sendoak eta iraunkorrak eman asmoz, eta udal taldeekin beheko sua piztu nahi genuen".

Azkeneko bilera, asteartean bertan egin zuten, EAJkoekin. "Baina EAJk ez du euskara arloan konponbide sendoak eta iraunkorrak emateko asmorik, bere agiri HEBErekin segitu nahi duelako, Bai Euskarari hor egon arren. Aurretik ere bazegoen Azpeitian Bai Euskarari, bera bakarrik, ondo, eta beste herrietan ere hala dago (orain Zarautzen, adibidez). HEBE ere egoteak nahasmena sortzen du. 2004an euskara arloan akordioa egin genuen Udalarekin, baina EAJk jakin behar du elkarlana ez dela sinadura bat ematea soilik. Askoz gehiago da. Elkarrenganako errespetua, aitortza eta hartutako konpromisoak betetzea eskatzen du, eta EAJk ez du euskaran halakorik egin, frogatuta dugun bezala".

Konfiantza, irizpideak eta jarrera, hobetu beharrekoak

Uztarriak "herriko euskalgintzan eta kultur mugimenduan konfiantza handiagoa" izatea eskatu dio Udalari, "irizpide garbiagoak izatea eta jarrera ausartagoa".

Izan ere, Azpeitian "gauza garrantzitsuak" egiteko aukera dago ("euskara plana elkarrekin garatu; kultur gune plurala, dinamikoa eta erabilerraza egin; euskarazko komunikabideak gehiago indartu..."). "Bide horretan, Uztarriak elkarlanaren eta parte-hartzearen alde egiten segituko du. Baina taldeek erabakiguneetan egon behar dute".

Hiru ardatzak - Uztarriaren balorazioaren laburpena

Uztarriak hamabost orrialdeko balorazioa egin du (testua osorik, rtf formatoan albiste honetan), eta euskara eta komunikazioa eranskinak ere bai, azkeneko bi urteotako dossierra eginez. Hona hemen euskara, kultura eta komunikazio ardatzen laburpena:

UDALAK GAI ESTRATEGIKOEI HELDU DIE...
"Azken bi urteetan ere aurrera egin dugu Azpeitian: euskara planak martxan dira, Urola Kostako Hitza proiektua abian jarri dugu, Soreasun kultur gunea egin nahi da orain, Kulturaldia bezalako ekitaldi garrantzitsuak egin dira...; eta Udalak ere hor izan du parte-hartzerik. Aipatutako gaiak oso garrantzitsuak dira herri baten garapenerako, estrategikoak direlako euskara planak, euskarazko komunikabideak eta kultur azpiegiturak. Azpeitiko Udalak legegintzaldi honetara arte kontu horiei, oro har, ez zien behar bezala heldu. Udal gobernu berriak heldu die eta hori, ona da.
Euskara. Herrian euskara normalizatzeko planari serio heldu zion Udalak (kudeaketa plana...), eta hitzarmena sinatu zuen Uztarriarekin eta Kontseiluarekin 2004ko martxoan. Euskara Batzordea ere sortu zuen Udalak.
Kultura. Soreasu kultur gune bihurtu nahi du Udalak. Eta prest dago taldeekin mahaia osatzeko, funtzionamenduaz-eta hitz egiteko. Ikusiko da (Gaztetxearen eredua segitu nahi du; balekoa izan daiteke).
Komunikazioa. Urola Kostako Hitza-ri diru laguntza ematen bukatu du Udalak. Eta Uztarriarekin komunikazioko hitzarmena berritu zuen 2004ko ekainean".

...BAINA EZ BEHAR BEZALA
"Baina hori ez da nahikoa. Gai garrantzitsuegiak dira horiek, eta Udalak ez du batzuetan behar bezala jokatu. Esaterako:
Euskara. Uztarriarekin eta Kontseiluarekin hitzarmena egin arren, Udalak ez zuen bete, urratu egin zuen, Bai Euskarari Ziurtagiriaren garapena trabatu egin zuen, eta azkenean akordioa eten egin zen, 2005 hasieran (eta apirilean, Kontseiluarekin zuena). Bakoitzak bere bidetik segitzen du, Uztarriak elkarlan proposamena egin arren.
Kultura. Orain Soreasun kultur gunea egin nahian dabil Udala, baina urte hauetan kultur azpiegituraren gaian ez du irizpide garbirik izan, lehen Basazabalen kultur etxea egitea zuelako helburu.
Komunikazioa. Hitza-ri diru laguntza ematea asko kostatu zitzaion Udalari, nahiz eta hasieratik eduki proiektuari buruzko informazio dena, eta herriaren gehiengo sozialak lagun zezala ere eskatu. Hasieran, Hitza lehentasuna ez zen Udalarentzat, gero bai; irizpide falta izan du. Bestetik, Azpeitian zer? udal aldizkaria ez du errealitate berrira egokitu (1999tik Uztarria herri aldizkaria dago, 2002tik uztarria.com, 2004tik Hitza) eta urtean 66.000 euro gastatzen segitzen du hor, euskarazko beste hedabideak gehiago lagundu beharrean".

Udal taldeen ikuspuntu desberdinak

Uztarriak EAJrekin, Habearekin eta EArekin bilerak izan ditu, banan-banan, legegintzaldiaren lehen bi urteen balorazioaz hitz egiteko, eta desadostasunak EAJrekin daude, batik bat euskara arloan.

EAJ: (Uztarriari emandako idatzia)
- "Euskara. Udalak euskalgintzarekin lan egiteko borondatea izan du eta du. Ekarpenak egitea posible da baina elkarrekiko errespetua galdu gabe. Desadostasun puntu bakarra ziurtagiria denez, Udalari eragile ezberdinei beren aitormena egiten jarraitu behar duela iruditzen zaio, dena den, euskalgintzak Bai Euskarari ziurtagiriarekin egiten ari dena ez du oztopatuko eta behar bada zabalkuntza ere egingo du. Udala eta euskalgintzaren arteko elkarlana aholku batzordearen funtzioa sendotuz eta bertara ekarpenak ekarriz burutuko litzateke. Alde bietako proposamenak negoziatu eta balegokio erabaki.
- Kultura. Udalak proiektu integral bat egitea bultzatu du eta bera Soreasun kokatuko da, horretarako taldeengandik jasoriko informazio eta beharrak sakonduz eta optimizatuz. Taldeekiko harremanak hobetu eta bultzatzeko asmoz mahai baten osaketa planteatzen du non mahai honek kultur dinamika suspertu eta bultzatuko duen. Kultur plangintza koordinatu baten bila joan behar dugu guztion partehartzearekin.
- Komunikabideak. Udalak herriko komunikabide ezberdinekin lanean jarraitu behar du hobetuz eta hala balegokio baliabideak jarriz".

Habea: (bileran esandakoa)
- "Euskara. Arlo horretarako aurrekontua orokorrean handitu bada ere, ekintza planerako ez da handitu. Euskara Patronatuaren aurrekontua da handitu dena, langile berriak hartzeko.
- Kultura. 2006. urtea kultura arlorako erabakigarria izango da. Udaletxean orain ari dira erabakiak hartzen, eta horrek dena lotuko du. Udalak garbi du zer nahi duten: kultur areto handi bat, Antzerki Topaketa eta horrelakoentzat. Eta orain mugitu behar dute taldeek.
- Uztarriaren balorazioa entzunda, garbi ikusten da bi ereduk txoke egiten dutela. Oinarrian ereduen arteko eztabaida dago, eta hiru arloetan errepikatzen da hori. Udal gobernu berriarekin euskalgintzaren onarpena etorri da, eta akordioak egin dira. Baina Udalaren nahi bakarra, euskalgintza nola haien konpartsa egin da, eta haien terrenora eramatea. Udalak ez du elkarlanerako borondaterik. Behartuta sentitu dira taldeek-eta egindako lana onartzera, baina haiek agintzen dute, haiek dira herriaren ordezkariak...".

EA (bileran esandakoa)
- "Euskara. Ez gaude ados Udalak beste ziurtagiria, HEBE, ateratzearekin. EAJk zelo politikoa du.
- Kultura. Soreasun kultur gune funtzionala egin nahi dugu. Eta adjudikazioaren aukeraketa egiterakoan ere horixe izan genuen gogoan. Hau da garaia herriko taldeek eta Udalak hitz egiteko. Gu EAJrekin lanean gogotsu ari gara alde horretatik. Soreasun kultur gunea egiteko hiru arrazoi hauek daude: alde zaharra biziberritzea, aparkamendu arazoa konpontzea eta antzokia berritzea. San Agustini buruz, zera: dirua iristear dago, PSOEkoek aurrekontuan sartu dutelako partida.
- Komunikazioa. EAJri asko kostatu zitzaion Urola Kostako Hitza-ri diru laguntza ematea. Gu alde geunden, lan egin genuen, baina beti atzetik eta presionatzen ibili behar hori nekeza da. EAJkoen kezka da ekimen eta proiektu berriak ditugula hemen behin eta berriz, eta denak lagundu behar ote dituzten. Bestetik, nahiko genuke Hitza-k autofinantzaketa gehiago lantzea. Azpeitian zer?-i buruz, zera: alkatearen propaganda politikoa da, eta bi urte hauetan EAren ezer ez dute atera; kirol gunea eta zaharretxeko kontuan EAJrena bakarrik atera dute".