Loiolatxo Elkarte berria egiten hasi dira

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2005ko ira. 3a, 11:09

Loiolako tren geltokia zenaren ondoan egingo dute, eta elkartearen eraikin berriak solairu bakarra edukiko du(www.urola-kostakohitza.info)

Loiolatxo Elkartea dagoen eraikina bota egin behar dute, han autoentzako aparkalekuak egiteko asmoa duelako Gipuzkoako Foru Aldundiak. Halaxe, jakinarazi zuen Uztarria aldizkariak, abuztuko zenbakian. Dena den, hasi dira Loiolako elkartearentzat eraikin berria egiten, Loiolako tren geltokia zenaren ondoan, hain zuzen. Lehen leku horretan baratzak zeuden.

Elkartearen egoitza berriak solairu bakarra edukiko du, eta jangela, sagardotegia, sukaldea, komunak eta aldagelak egongo dira. "Gaur egungoa baino pixkat handiagoa izango da elkartea", diote Loiolatxoko bazkideek. Sarrera, berriz, estazio aldetik edukiko du. Gero, eraikinaren ondotik Uranga aldera espaloi bat egingo dute oinezkoentzako.

Obrak joan den hilean hasi ziren egiten, eta urtearen amaierarako bukatuta egongo direla aurreikusten dute. Izan ere, ordurako Loiolatxokoek gaur egun duten etxea utzi egin beharko dute, datorren urtearen hasieran eraikina botako dutelako.

Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ari dira elkartearentzako eraikin berria egiten. Baina barruko osagaiez elkarteko bazkideek arduratu beharko dute.

Loiolatxo Elkarteak ehun bazkide inguru ditu, denak loiolatarrak, hori baita elkarteko bazkide izateko ezinbesteko baldintza. Orain dela 27 urte sortu zuten elkartea, gaur egungo eraikinean. Bertan, lehenago, ikastolaren gelak zeuden.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu