Xabin Aranaga munduko txapelduna izan da maratoian

Uztarria 2005ko ira. 3a, 14:09

Gaur, Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan lortu du garaipena 02:34:30 denborarerkin bukatu du maratoia

Lasterketan bigarren egin du, baina 35-40 urte artekoen mailan aurrena izan da, eta "ezustea izan da" harentzat

Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo taldeko Xabin Aranaga korrikalari azpeitiarra, 35-40 urte artekoen mailan, maratoian munduko txapelduna izan da gaur Donostian, Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan. Lasterketan bigarren egin du Aranagak, baina aurrena egin duena beste maila batekoa zen, eta, beraz, azpeitiarra bere kategorian aurrena izan da. 02:34:30 denbora egin du.

Pozik zen, nola ez, proba bukatutakoan Aranaga. "Ezustekoa izan da niretzat aurrena izatea neure mailan, eta bigarrena denera. Hamar lehenen artean bukatzea ere ez nuen espero, eta bi ordu eta erdi azpitik korritzea zen nire helburua, baina gero ikusita zer bero zegoen, banekien ez zela erraza izango denbora horretatik jaistea. Azkenean ez dut jaitsi baina aurrena izan naiz neure mailan, eta ezustea, bai".

Udalaren oroigarria gaur kiroldegian

Azpeitiko Udalak zoriondu eta oroigarri bat emango dio Xabin Aranagari, gaur (irailak 3) 18:15ean, Kiroldegian. Lan Mobel Iraurgi- Autocid Burgos saskibaloi partida hasi aurretik egingo da ekitaldia.