Irailetik aurrera futboleko hamahiru talde ariko dira

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 14a, 14:07

Lagun Onak Futbol Taldea zortzi talde izatetik hamar edukitzera pasatuko da; Ikasberri Kirol Elkartea aurreko denboraldian bezalaxe hiru talderekin ariko da (www.urola-kostakohitza.info)

Datorren denboraldian herriko hamahiru futbol talde ariko dira jokatzen: Lagun Onak Futbol Taldeko hamar talde eta Ikasberri Kirol Elkarteko hiru. Aurreko denboraldian baino bi futbol talde gehiago izango dira, Lagun Onakek kadeteen mailako nesken eta mutilen taldeak sortuko dituelako.

"Aurreko denboraldian zortzi futbol talde eduki ditugu hainbat mailatan jokatzen. Datorren denboraldirako beste bi sortzea erabaki dugu, biak kadete mailakoak. Lehen kadeteetan Ohorezko Mailan badugu talde bat. Eta orain sortuko duguna kadeteen bigarren mailakoa izango da. Aurreko denboraldian infantiletan ibili ziren 18 jokalari genituen, eta horietatik lau Ohorezko Mailako taldera pasatu dira, eta gainontzeko jokalariekin beste talde bat osatu dugu", dio Jose Mari Eizagirre Lagun Onak Futbol Taldeko lehendakariak.

Kadete mailako nesken taldea sortzeko bestelako arrazoi batzuk izan ditu Lagun Onakek. "Aurreko denboraldian mailaz jaitsi ondoren, datorrena regional mailan jokatuko duen nesken taldea daukagu. Nesken beste talderik ez du Lagun Onakek, eta hor jokatzeko jokalarien deialdiak eginez ibiltzen gara beti. Beraz, gazteagoen talde bat sortzea erabaki dugu. Horrela, orain kadeteetan ibiliko direnek gero goragoko mailatara igotzeko aukera izango dute", dio Eizagirrek.

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Kirol Elkarteak aurreko denboraldian bezalaxe hiru futbol talde edukiko ditu datorrenean ere. Ikasberriko futbol taldeak kadete, jubenil eta regional mailan ariko dira. "Guk ez dugu talde berririk sortuko, eta ez dugu ulertzen Lagun Onakek guk dugun mailako beste talde bat zergatik sortu behar duen", dio Ikasberri Kirol Elkarteko Lucio Aizpuruk.

Ikasberriko futbol taldeak dagoeneko jokalariz osatuta dituzte, eta "kadeteetan hamar lagun berriak" direla dio Aizpuruk.