Osasungintza euskalduntzeko pausoak lortzen hasi da EHE

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 5a, 13:07

Anbulatorioko pediatren euskalduntzeari buruzko erantzuna jaso du Osakidetzatik

"Azpeitiko pediatra batek euskara ikasteko liberazioa eskatuta du", diote EHEkoek (www.urola-kostakohitza.info)

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeak, iaz, urtearen bukaeran, osasungintza euskalduntzeko eskatuz hainbat ekimen abiarazi zituen, eta dagoeneko haiek hasitako bideak eman ditu zenbait emaitza. Diotenez, "Osakidetzaren erantzuna" jaso dute oraingoz. "Osakidetzan euskara normalizatzeko plana hasi dutela diote, eta Azpeitiko pediatra batek euskara ikasteko liberazioa eskatuta du".

Osasun arloaren baitan anbulatorioan haurrentzat dagoen zerbitzuari heldu zioten aurrena, pediatria zerbitzuari: "Hasteko, umeentzako osasun zerbitzuarekin zegoen arazoari heldu genion. Izan ere, Azpeitian bi pediatra ditugu, eta biek ez dakite euskaraz. Ondorioz, haurrek arazoak dituzte euren medikuekin komunikatzeko", diote Azpeitiko EHEkoek. Hori dela eta, iaz pediatra euskaldunak eskatuz herritarren artean sinadura bilketa egin zuten eta 500 sinaduratik gora jaso zituzten. "Izandako erantzunak herritarren arteko kezka azaltzen zuela ikusita. Sinadurak, eskutitz batekin batera, Azpeitiko Udalera, Osakidetzara eta Eusko Jaurlaritzara bidali genituen". Orain Osakidetzatik erantzuna jaso du EHEk, "Osakidetzatik esan digutenez, Osakidetzan euskara normalizatzeko plana ofizialki ekainaren 1ean jarri zuten abian, eta martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan oinarrituta dago. Azpeitiko bi pediatren kasuan, bigarren hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data 2008an jarrita daukate. Hala ere, eta aurrez aipatutako dekretuaren arabera bi pediatrek salbuespena eskatzeko aukera daukate, adinarengatik. Baina orain arte horrelakorik ez dute egin. Pediatra batek, gainera, euskara ikasteko liberazioa eskatu du, baina une honetan pediatra hori ordezkartuko duenik ez du Osakidetzak. Hala ere ordezkoa euskalduna izaten saiatuko direla esan digute. Lorpen bat da jaso dugun erantzuna, aurrerapauso bat delako", diote Azpeitiko EHEkoek.