Beñat Lizaso: "78 urte ditu aitonak, baina mahai bueltan ezin zaio hari adarrik jo"

Joxean Agirre ('Gara') 2005ko eka. 1a, 18:06
Joxe, Sebastian eta Beñat, Lizasotarren hiru belaunaldi, Araotzen hilaren 21ean egin zuten saioan. ('Gara')

"Joan den asteburuan Araotzen elkarrekin kantatu zuten Joxek, Sebastianek eta Beñatek"

Asteleheneko Gara egunkarian Joxean Agirre kazetari azpeitiarrak Lizasotarren inguruan idatzitakoa dator albistean

Hauxe Agirrek idatzitakoa:

"Hirugarren aldiz elkarrekin kantatu zuten joan den asteburuan Araotzen Joxe, Sebastian eta Beñat Lizasok. Mendexan egin zuten behinola bertso afari bat, Getarian kantatu zuten berriro elkarrekin eta bertso bazkari batean bildu ziren hilaren 21ean Araotzen.

Aitona zer moduz ikusi zuen galdetu genion bilobari. "Pixka bat lagata dabil. Konpromiso handiko lekuetara bakarrik joaten da. 78 urte baditu eta bistatik baju samar dabil, ibileran ere baldartu egin da pixka bat, baina mahaian esertzen denean ez da erraza oraindik ere hari adarra jotzea", erantzun zuen.

Hirurak puru bana errez kantatu omen zuten, aita eta aitona Monte Kristo banarekin eta semea, Beñat, Rosli txiki batekin. "Denok gara tabakoa uztekoak, baina jarraitu egiten dugu", komentatu zuen.

Aitaren debuta

Meza ondoren, eguartean, Benito Barrena bertsozale, bertso-jartzaile eta gai-jartzaileari omenaldia egin omen zioten, bertso bakan batzuk kantatuz eta bazkalondoan egin zuten saioa, Andoni Egaña gai-jartzaile edo zirikitzaile zela. Ordu pare bat eta erdiko saioa egin omen zuten arratsaldean, tartean atsedenaldi txiki bat hartuta, eta ez omen ziren berarekin gehiegi sartu.

"Aitak Araotzen debutatu zuen 15 bat urte zituela. Etxean ezer esan gabe joan omen zen osaba baten autoan. Ondoren, aitona festara edo kantatzera joan eta argazki bat eman omen zioten semea kantuan agertzen zena, eta aitonak ez zekien ezer ere", esan zuen Beñatek.

Orain 32 urteko kontuan dire horiek; geroztik, ordea, maiz izan da Sebastian Oñatiko auzo hartan eta gai hori izan zen bazkalondoan kantatuenetako bat.

Beñatek beranduxeago egin zuen debuta, 17 bat urterekin, Besaingo Arriaranen, Eskolartekoan kantatuta bazegoen ere.

"Aitaren eredua izan dut bertsotarako edo aitonarena, bien artean oso diferentzia gutxi baita. Erantzun azkarrekoak dira, ahots sendokoak. Izaeraz ere antzekoak garela diote ezagutzen gaituztenek", esan zuen. Ea aitak aholkurik ematen ote zion galdetu genion Beñati. "Saio bat dudan bakoitzean ematen dizkit aholkuak. Lasai hartzeko, bukaera borobildu arte ez hasteko kantuan, presaka inoiz ez ibiltzeko eta horrelakoak. Ez dut uste berak ere beti betetzen dituenik. Neuri ere batzuetan kalte egiten dit gehiegi pentsatzeak. Bertso bat ez zait sekula pentsatu bezala ateratzen. Orain lasaitzen hasi da, baina lehen asko sufritzen zuen nik katatzen nuenean. Nik Eskolarteko finalean Villabonan kantatu nuenean, esate baterako, joan zen ikustera baina izkutuan egon zen, frontoitik kanpora", jarraitu zuen.

Bi anaia dira etxean. Beñatek 22 urte ditu orain eta Jonek 17. Bertso eskolan dabil hura ere eta bat batean hasi omen da dagoeneko.

Beñat Lizasok egin duen urterik onena azken hau izan da. Bost sariketa izan ditu eta bostetan finalera sartu da. Getxoko Abra sarian izan zen. Erniarraitzen ere kantatu zuen. Eta gazte mailako hiru sari handietan ere finalean kantatu zuen, Osinalden, Lizardin eta Xenpelarren. "Pena bakarra horixe dut, bost saritan parte hartu eta bakar batean ere ez irabaztea. Gusturena", adierazi zuen.

Aurrera begira ez du, tamalez, konpromiso handiegirik. "Oñatiko bertso eskolaren kontrako desafio bat badugu. Jokin Uranga, Leire Ostolaza, Ministro eta neu izango gara hemendik eta hangoak erabaki gabe daude oraindik", esan zuen".