Lan Mobelek "irabazteko beharra" du

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 13a, 16:05

Bihar, jokatuko du saskibaloi partida Uteboren aurka, Aragoin

"Asteburu honetako partida eta Ardoiren aurka dugun hurrengoa irabaziz gero igoera ziurtatuta daukagu", dio Jon Argoitia bigarren entrenatzaileak

Lehen Mailako Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeak EBA Ligarako igoera faseko partida jokatuko du Contrarrios Casao Uteboren aurka, bihar, 20:30-ean, Utebon (Aragoi). "Irabazi beharra daukagu. Asteburu honetako partida eta Ardoiren aurka dugun hurrengoa irabaziz gero igoera ziurtatuta daukagu; matematikoki behintzat hala da. Beraz, Uteboren aurka irabazten badugu aurrerapauso handia emango dugu", dio Jon Argoitia Lan Mobel Iraurgi taldeko bigarren entrenatzaile zumaiarrak. Lehen itzulian, Azpeitian, Uteboren aurka 72-65 irabazi zuen Lan Mobelek.

"Utebo taldeak nahikoa jokalari altuak dauzka, base on bat ere bai, eta eskolta batek nahiko jaurtiketa ona du. Beraz, defentsan hobetu, errebotea kontrolatu eta erasoan ondo ibili behar dugu. Hori dena eginez gero, irabazteko aukerak izango ditugu bihar", dio Argoitiak.

Lan Mobel Iraurgik, jokalari aldetik baja bakarra izango du. "Goarrek ez du jokatuko eta Jon Arozenak aurrekoan bihurritu txiki bat izan zuen, baina bihar jokatzeko moduan egongo dela uste dut".

Lehengo asteburuko partida galdu egin zuten Heliosen aurka.