Aitor Martxenak erraz asko irabazi du Urrakirako Igoera

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 3a, 13:05

Berrogeita hamasei txirrindularik hartu zuten parte eta Jokin Ormaetxea zena ere gogoan izan zuten (urola-kostakohitza.info)

Aitor Martxena izan zen XXXIV. Urrakira Igoerako garailea. Martxenak erraz egin zituen probako 37 kilometroak, eta ibilbideko lehen aldapetan hasita zegoen gainontzeko txirrindulariei tartea ateratzen. Martxenak minutu eta erdiko aldea ateratzea lortu zuen, nahiz eta proba bukatu zenean, alde hori txikiagoa izan.

Martxenaren atzetik zazpi txirrindulariz osaturiko tropela zihoan, tartean Ismael Esteban eta Alberto Losada. Baina saiatu baziren ere ez zuten lortu Martxena harrapatzea. Urrakiko Igoera Lehendakari Txapelketako proba ere bada, eta hor aurrena Amets Txurruka izan zen. Herriko lehen sailkatua, berriz, Jon Azkoitia izan zen. Proban parte hartu zuten 56 txirrindulariek eguraldi aparta izan zuten bizikletan aritzeko.

Ormaetxea gogoan

Jokin Ormaetxea Azkoitiko txirrindularia ere gogoan izan zuten atzo Urrakira egindako igoeran. Ormaetxeak bi aldiz irabazi zuen proba. Urraki gainean, Ormaetxearen guraso eta arreba txalapartaren musikarekin hartu zituzten proba amaitu zenean. Horren ostean oroigarri bat eta lore sortak eman zizkieten, aurreskua dantzatu aurretik. Urrakiko gainean zeuden txirrindulari eta ikusle guztiak Jokin Ormaetxea txirrindulari azkoitiarra gogoan izan zuten, afizionatuetan korritzen zuenean, behin baino gehiagotan igo zituelako igoera osatzen duten bi aldapak.

Sailkapen orokorra

1- Aitor Martxena (Cafes Baque)

2- Ismael Esteban (Alfus-Tedes)

3- Alberto Losada (Caja-Rural)

Lehendakari txapelketa

1- Amets Txurruka (Debabarrena)

Herriko lehen sailkatua

Jon Azkoitia (Bidelan)