Mutua aseguru elkarteek langileon osasunarekin jolasten dute

LAB 2005ko api. 28a, 21:04
LABek Asepeyo aurrean egin duen elkarretaratzea.

Asepeyo aurrean kontzentratu gara, bai Asepeyok eta bai beste mutua aseguru elkarteek, gero eta gehiagotan dituzten jarduera txarrak salatzeko. Eta jarduera txar horiek arlo guztietan aurki ditzakegu.

Horrela ikusten ari gara gero eta zailagoa dela mutua aseguru elkarteek onartzea kalteak lanak berak sortu dituela.

Eta lan gaixotasunetaz hitz egiten badugu arazoa korapilatu egiten da. Aseguru elkarte horientzat gaixotasun horiek lehendik datoz edo gure pertsonal mailako bizitzak sortuak dira eta lanak ez dauka zer ikusirik.

Baina, pairatzen ditugun kalteek sorburu argia daukate: Erabiltzen ditugun produktu kimikoak, jarrera bortxatuak, zamak, lan erritmoak, txandak, gaueko lana, presio mentala, bortxakeria lanean, jazarpen sexuala, jazarpen morala, eta abar. Baina ez mutua aseguru elkarteek, ez enpresek ez dute onartu nahi.

Gainera, mutua aseguru elkarteak patronalaren primerako bozeramaileak dira, lanean hainbeste kalte egotearen errudunak langileak direla esanez. Edo bestela, normatibaren gauzatze eskasak edo enpresek duten legeriari buruzko ezjakintasunak dute errua, enpresek inoiz ez.

Baina, jarduera txar horiek ez dira bakarrik banakakoak. Osasun sistemaren pribatizaziorako urrats handiak ematen ari dira. Horrela, bi sistema eratuko ziren, bata, emankorrak ez diren taldeentzat eta, bestea, emankorrak diren taldeentzat, hau da, langileentzat, enpresarioek merkantziak balira bezala kudeatuta.

Baina, behin eta berriro mutua aseguru elkarteen jarduera hauek salatzeaz aparte, argi daukagu zein den gure helburua: mutua aseguru elkarteen giza-baliabideak eta baliabide ekonomikoak erakunde publikoetara bideratzea eta hor sartzea, sistema bakarra osatuz eta kalitatezko osasuna sistema bat eratuz.

Dena den, gaur bezalako egun batean ezin ditugu ahaztu lan istripuetan hildako eta zauritutako langileak. Pasa den urtean 111 hil ziren eta 63.000 baino gehiagok lan istripuren bat izan zuten. Datu ikaragarriak.

Baina, nor da sarraski horren erruduna? Patronalak, erreminta bihurtu gaitu, erabili, hondatu, apurtu eta azkenik bota egiten gaituzte, hori bai, mutua aseguru elkarteen primerako laguntzarekin. Langileok, beste baliabide material bat baino ez gara eta, beraz, besterik gabe ordezkatu ahal gaituztela uste dute. Euren etekin ekonomikoa da ardura dien helburu bakarra.