Lourdes Arrieta azpeitiarra hil da Lantziegon izandako auto istripuan

Uztarria.eus | Besterik
2005ko api. 15a, 11:04

'Gara'-k jakinarazi duenez bart Lantziegon izandako istripuan hildako hiru emakumeetariko bat Lourdes Arrieta azpeitiarra da

Hildako hiru emakumeak Lantziegoko ikastolako irakasleak ziren

Lourdes Arrieta lehengusu arteko bazkari batean, alaba Itxasorekin  Argazki originala

Istripua Lantziego parean, A-124 errepidean, Araban izan da bart goizaldean. Bi autok, Nissan Primera eta Mercedens Benz batek, parez pare elkar jo dute, eta hiru emakumezko hil dira eta lau lagun zaurituta dira. Ibilgailuko emakumeak segituan hil dira. Lourdes Arrieta azpeitiarra, Adela Pardilla zornotzarra eta Oihana Torrealdai arrasateara dira hildakoak. Zaurituek larritasun maila ezberdina dute, eta Logroñoko San Millan Ospitalean daude.

Lourdes Arrieta Lantziego Ikastolako sortzaileetarikoa zen, eta lehenengo irakaslea. Lantziegoko Udaleko EAJko zinegotzia ere bazen.

Lantziegoko Udalak eguardian ezohiko udalbatzarra egin du. Bertan, ikastolari Lourdes Arrieta izena jartzea erabaki dute. Eta hiru eguneko dolu eguna deitu dute.

Gara eta Berrian informazio gehiago.

Igandean auto istripua izan zuen bat hil egin da

Bestetik, igande eguerdian Azpeititik Zestoarako auto istripuan larri zaurituta gertatu zen Luis Lazkano Txalburu azpeitiarra hil egin zen izandako zauri larrien ondorioz, atzo (apirilak 14) izan ziren haren aldeko hiletak Azpeitiko Parrokian. Istripu horretan 41 urteko emakume bat ere zaurituta gertatu zen, hori ere azpeitiarra.

Bidali:  

Erantzunak

Luis Karlos Garcia ('Berria', 2005-04-16) | 2005-04-16 : 14:04

Soslaia - Lourdes Arrieta (Lantziegoko ikastolako andereñoa eta ikastolaren sortzaileetakoa)
OMENALDIA JASO AURRETIK HIL DA
Omenaldia prestatzen ari zitzaion Lourdes Arrietari, baina bidean geratu zen. Lourdesek, Azpeitian (Gipuzkoa) jaioa, 47 urte zituen, eta ondo islatzen zuen Arabako Errioxan ohikoa den istorioa: euskara irakastera gaztetan heldu, eskualdeko mahasti-zaintzarekin zerikusia zuen mutil bat ezagutu eta betiko bizitzera gelditu zenarena.
"Lanean buru-belarri geunden Lourdesi sorpresatxo bat emateko, baina, hara, sorpresa Lourdesek eman digu guri...", zioen atzo Lantziegoko alkate Alfonso Gonzalezek, herri osoak Arrietari ikastolaren 25. urtemugagatik egin behar zion gorazarreaz.Lourdes Lantziegoko ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. "Bera zen ikastolaren benetako arima", gogorarazi zien hedabideei ikastetxeko zuzendari Nekane Etxenagusiak. "Argi dago urtemugaren ekitaldiak Lourdesen eta besteen ohorez egingo ditugula". Alkatea da hobekien ezagutzen zuenetako bat. Antzeko adinekoak izaki, Lourdes andereño izan zuen 20 urte inguru zituela. Gerora, are gehiago ezagutu zuen azpeitiarrak herriko seme batekin hasitako harremana zela medio. Azken bi urteotan, gainera, kide izan du udalbatzan, Lourdesek Kultura zinegotzi (EAJrekin) aritzea onartu zuenetik. Gonzalezen esanetan, "Lourdes saltsa guztietan ibiltzen zen beti, baina batez ere herriko jaiekin zerikusia zutenetan, noski". Orain dela urte batzuk Arrietaren etxearen parean bizi zen emakume batek ere gogoan zuen: "Oso pertsona irekia zen, eta berritsua ere bai. Herriak oso maitatua!". Bestalde, Arabako Errioxan euskararen aldeko aldarriari eusten dion Ttiki Ttaka elkartean ziharduen. "Lagun handia zuen herriko jende guztiak", erantsi du alkateak. "Azpeitian jaio arren, Lantziegon 25 urte eman eta gero, herrian jaio balitz bezala hartzen genuen denok. Izan ere, eskolako irakasle asko aldatzen dira ikasturte batetik bestera, baina Lourdes ez, Lourdes gelditu egiten zen beti". Arabako Ikastolen Elkarteko buru Joseba Aginagaldek ere ezagutu zuen. Arabako Errioxara euskara irakastera heldu zen lehendabizikoetako bat izan zela dio: "Kolpe gogorra izan da hiru andereño hil eta bi zauritu direla jakinda, baina gehienbat Lourdes lagun eta lankide gertukoa izan genuelako". Lourdes Arrietaren omenezko hileta elizkizunak gaur 18:30ean egingo dira Lantziegoko elizan. Bi seme-alaba utzi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu