Imanol Lazkano

Laxaro Azkune 2005ko ots. 21a, 18:02

Laxaro Azkunek Imanol Lazkanori buruz hitz batzuk idatzi zituen Urola Kostako Hitza egunkarian

Aspalditxo ezagutu nuen zorionez. Ni gaztea nintzen artean eta euskara irakasten ausartzen nintzen garaitik ditut harremanak, orain 30 urte inguru, eta tartean Imanol ere hantxe zen, ikasle artean. Geroztik neure buruari sarritan galdetu izan diot zer irakatsi ote nion nik berari? Nik bai ikasi nuela beragatik, bai orduan eta baita gero ere! Bere kontalari dohaina orduan hasi nintzen ezagutzen eta klase ondorengo berriketaldietan gozatu ederrak hartzen genituen. Hala ezagutu nituen errezildarren hizketarako dohain apartak. Harrigarria egiten zitzaidan, batetik bere oroimena eta bestetik gauzak kontatzeko zuen grazia aparta. Berari zor diot hiztun zaharrei adi-adi entzuten, euskara biziaren xarmak bilatzen aritzeko zaletasuna. Geroztik neure bidean gehiagotan topo egiteko zortea izan dut.

Irratian hasi nintzenetik eta bertsolaritza neure egiteko estimatuen artean nuenez, hala harrapatu ninduten ni ere, Imanol bera tartean zela, gerora Bertso Zale Elkartearen proiektua izan zenaren sorrerak. Ia 20 urtera joango da Imanol Elkarte horren Lehendakari postuan, hasieratik baita. Agian bera beti alai ikusita egiteko erraza izan dela ere uste lezake norbaitek baina bere zeregina ongi bete duelakoan nago. Bertsolaritza ere ez baita gure herri honetan gauza gehientsuenak bezala beti oso samurra izan den bidea. Hainbeste artista eta interes desberdin proiektu batean gauzatzea ez baita txantxetakoa izan. Eta horretan denok batera tira egiteko norbere interesak baino taldearen interesak aurretik jartzea eskatzen baitu sarri eta Imanolek zerbait egin badu bere ahalmen guztia, bere izena eta bere izana jarri izan ditu proiektuaren mesedetan. Jendea irabazteko dohaina ere badu eta Elkartearen Proiektuan sinesteaz gain proiektuarentzat interesgarri izan diren pertsonak irabazten asmatu izan du batetik, eta bestetik Elkartearen arrazoi nagusi diren bertsolarien talde anitz horretan oreka mantentzen ere asmatu du, denekin hitz eginez eta denei konfiantza emanez. Gaur egun Elkartea Euskal Herriko kulturaren munduan erreferente baldin bada bere alea ezingo zaio ukatu.

Urrunetik hasi naiz baina hurbilagoan ere badut zer kontatua. Oraintxe bost urtetik seira izango dira, Herriarteko Txapelketa antolatu zela eta Azpeitiak hiru talde osatzea lortu zuen. Ez genuen txapelik ekarri baina hori bezain garrantzitsua izan daitekeen zerbait ekarri genuen. Lagunarte bat hasi genuen, interes eta zaletasun bereko jende talde bat bildu eta antolaketa hartan ongi pasa genuenez horri jarraipena eman genion.Bost urte bete ditugu aurten. Herriarteko Txapelketarako jendea animatzen bezalaxe hemengo Erniarraitz Elkartearen sorrerako animatzaile ere bera izan genuen. Animatzaile eta bailarako udaletara gure proiektua aurkezten ere bera ibili zen, bere izena eta izana horretan eskainiz. Geroztik gauza dezente egin ditugu eta ez naiz horiek kontatzen hasiko baina bere premia izan den zereginetan beti eman du berea inolako oztoporik gabe eta horrez aparte ia hamabostero egiten ditugun bileretan ez du hutsik egingo. Oraindik ere bertsozaleen giro hori elikatzen jarraitzen du, taldea gozatuz eta bere hitz etorriarekin lagunartea indartuz. Zaletasun batzuek ezagutzen dizkiot Imanoli, hitz egitea eta entzutea, euskara eta bertsoa batez ere lagunarteko solasean. Baina baditu beste gehiago ere eta begian bistakoak, Euskal Herriari dion maitasuna eta bere lan profesionalari izan dion dedikazioa ezingo dira ahaztu. Jubilatzeko adina badu ere oraindik ez da bere zaletasun horietan jubilatu eta ez dakit jubilatuko ote den ere ahal duen arte. Gustura bizi den zantzu guztiak ditu beti ingurukoentzat. Bizipoza transmititzen du. Idazleren bati irakurria diot nonbait, mundua ez dela bereizten irabazle eta galtzaile artean, ikasteko prest dauden eta ikasi nahi ez dutenen artean baizik. Imanolen kasuan bete betean asmatzen du. Beti baitago ikasteko eta konpartitzeko prest, beti bihotza gazte eta alai.