Mendia eta eskia aukeran

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 10a, 14:02

Mendiak oinez edota eskiz igotzeko edota eski pistetan ibiltzeko aukera eskainiz asteburu baterako irteera antolatu du Lagun Onak M.B.k

Joan den hilean Piriniotara, Bisaurinera, astebururako mendi irteera antolatu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunakoek, baina elur jauzien arriskuagatik eta eguraldi txarragatik bertan behera gelditu zen irteera hura.

Baina hil honetarako beste irteera bat ere antolatu dute Pirinioetara, Formigal eta Panticosara, otsailaren 19 eta 20ko asteburuan; aukera desberdinak ematen dituen irteera da gainera. Nahi duenak mendiak oinez igoko ditu, beste batzuk trabesiako eskiko ikastaroa egiteko aukera izango dute edota pistetan eskiatzekoa.

Mendizaleek irteera honetan parte hartzeko izena emateko datorren astelehena arteko epea jarri dute; mendizaleen tabernan eman behar da izena. Irteera otsailaren 19an, goizeko 04:00etan izango da herriko plazatik. Egun horretako afaria, aterpea, igandeko gosaria eta autobusean joan-etorriaren trukean bazkideek 50 euro, ikasle eta langabetuek 30 euro eta gainontzekoek 60 euro ordaindu beharko dituzte.

Baina era honetako irteeretan ohi bezala, parte hartzeko baldintza batzuk ere eskatu dituzte: "Mendian federatua egotea derrigorrezkoa da eta gutxienez 16 urte eduki behar dira. Bestetik, lo egiteko sakua edo izararen bat ematea komeni da".

Eski alpinoa egiteko aukera hartzen dutenen kasuan, eski estaziorako behar diren eskiak, bastoiak eta forfaitak norbere kontura izango dira. Otsailaren 19an Anayeteko pistetan eta hurrengo egunean Panticosakoetan ibiltzeko aukera izango dute.

Trabesiako eskia egiteko gutxienez hamar laguneko taldea osatu beharko dela diote mendizaleek eta "eski alpinoan maila handia eduki beharko da». Hauek monitore batekin joango dira eta ikastaro bat emango dute.

Antolatzaileen esanetan, ikastaroaren helburua: «Zapaldu gabeko elurretan eski konbentzionalekin jaisteko teknikak ikasi eta praktikatzea da. Baita foka larruekin ibiltzeko eta igoeran norabide aldaketak egiteko teknikak ikasi eta praktikatzea ere". Materiala kasu honetan ere norberak eraman beharko du eta kranpoiak eta pioleta eramatea derrigorrezkoa da. Kasu honetan Canal Roya, Peyreget eta Bacias igoko dituzte.

Kranpoiak eta pioletak hartuta mendi irteerak egiteko aukera ere badago. Kasu honetan, otsailaren 19an Anayet (2.559 metro) eta Arroyeras (2.469 metro) gailurrak igoko dituzte eta hurrengo egunean Bacias (2.760 metro) igoko dute.