Auñamenditik bueltan min hartu eta ospitalean dago Aritz Iturbe gaztea

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 26a, 13:01
  • Izotzarekin irrist egin zuen, eta helikopteroan atera behar izan zuten
  • Urola-Kostako Hitzak atzo, asteartea, hitz egin zuen Iturberekin

Aritz Iturbe 26 urteko azpeitiar gaztea, igandean Auñamendi mendian txorkatilean min hartu eta Donostiako ospitalean dago egunotan. Benantxio Irureta mendizalearekin joan zen Piriniotara asteburuan, Lintza inguruko tontor batzuk igotzeko asmotan. Larunbatean, Lintzako aterpetik Hiru Erregeen Mahaia eta La Pakiza mendiak igo zituzten bi mendizaleek. Igandean, Auñamendira joan eta handik bueltan «bidean gelditzen den Arlas mendia» igotzeko asmoa zuten. Goizeko 11:00etarako Auñamendiko tontorra igo eta beherako bidean ziren, baina «izotzagatik lurra irristakorra zegoen». Orduan, Aritz Iturbek irrist egin zuen, eta txorkatileko hezur bat bere lekutik atera zitzaion.

Gailurretik 200 metro ingurura erori zen Iturbe. Eta SOS Nafarroara deitu zuen Iruretak. Nahikoa komeria izan zuen Nafarroako Gobernuko helikopteroak gaztea min hartuta zegoen lekuraino heltzen. «Lainotuta zegoen, eta Hecho bailaratik etorri behar izan zuen helikopteroak ni jasotzera. Ordu eta erdi bat itxaron genuen. Baina, hala ere ondo, min hartuta nengoen tokitik hiru bat metrora lur hartu baitzuen, gertu», kontatu du Iturbek.

14:00ak alderako Iruñeko ospitalean zegoen. «Han, txorkatilean aterata nuen hezurra bere lekuan sartu eta igeltsuarekin bildu zidaten hanka. Gero, Donostiako ospitaleraino anbulantzian edo autoan joateko aukera eman zidaten, eta etxekoekin autoan joatea erabaki nuen».

Atzo, Donostiako ospitalean zegoen Aritz Iturbe, «egonean». Ospitalean ea txorkatilean atera zitzaion hezur horrek tendoiak edo lotailuak ukitu dizkion begiratu behar diote medikuek.

Aritz Iturbe, gaztea izan arren, mendian eskarmentu handia duen kirolaria da. «Mendian dezente ibiltzen gara, baina orain sendatu arte pixka baterako egon egin beharko dugu», zioen atzo, ospitaletik, telefonoz.