Literatuztaren 4. zenbakia hilaren amaieran banatuko da

Uztarria 2004ko abe. 22a, 18:12
  • Badatorrela-eta Gotzon Barandiaran idazlea gonbidatu dute idatzi berri duen liburuaren aurkezpena egiteko
  • Poesia emanaldian laburmetraia, musika eta argazkiak erabiliko dituzte
  • Jose Luis Otamendi, Xabi Borda, Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta azpeitiarrek ere parte hartuko dute

Literatuzta Literatur Aldizkariaren 4. zenbakia ia prest dago. Oraingoan gai bat jorratu dute parte-hartzaileek: Hotela. Abenduaren amaieran bazkideek etxean izango dute.

Hori dela eta, Literatuztako kideek emanaldia antolatu dute aurrerapen moduan. Gotzon Barandiaran izango da Azpeitian Durangorako atera zuen Arrakalak liburua aurkezten, Euskal Herriko hainbat lekutan ari den moduan.

Emanaldia

Barandiaran Bihotz Bakartien Kluba taldeko kidea da. Emanaldian liburuko poemak irakurtzeaz gain, zuzeneko musika izango du laguntzeko, Soinu-banda sortu baitute Klubeko musikariek. Bi kantu sortu dituzte emanaldirako liburuko bi poemaz baliatuta. Bibolinaz, eskusoinuaz, gitarra akustikoaz eta Venezuelako Cuatroa-z baliatu dira horretarako.

Bestalde, Arte Ederretako irakaslearen laguntzaz laburmetraia ere landu dute. Bego Vicario irakasleak eta zinemagileak Arrakalak liburuko 26 poema hartu eta bere ikasleei, hitzei irudiak jartzeko eskatu zien. Eta azkenik, Nestor Zabala biologo eta argazkilariak eginiko bidaietan pertsonei atera dizkien argazkiak ere erabiliko dituzte emanaldia osatzeko.

Arrakalak liburuaren emanaldia, beraz, ongi osatua dago. BIhar, abenduaren 23a, osteguna, izango da ekitaldia Aitonena I-eko Aretoan, 20:30ean. Barandiaranek Jose Luis Otamendi eta Xabi Borda idazleak eta Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta Literatuztako kideak gonbidatu ditu eurekin batera poema bana irakurtzeko.