HITZA zergatik lagundu behar den

Enekoitz Esnaola (Urola-Kostako Hedabideak S.L.-ren izenean) 2004ko ira. 13a, 20:09

Otsailean sortu genuen Urola-Kostako Hitza, eta, normala den bezala, hilabete batzuk lehenago hasi ginen proiektua mamitzen eta eskualdean azaltzen. Udalei, esaterako, iazko urte bukaeran hasi ginen azalpenak ematen, eta proiektuaren idatzia emanez, bideragarritasun plana ere bai, edozer zalantza-edo zutela deitzeko esanez... Orduan ona izan zen udalen harrera.

Proiektu hau komunikatiboki oso garrantzitsua da. Gainera, euskararen normalizazio planetan bete-betean txertatzen da, gero ikusiko dugun bezala. Urola-Kostako udal gehienak —zazpi herri handienetakoak— Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen ari dira, norbere herrira egokituta (Azkoitia, Azpeitia —2001 bukaeran onartu zuen, eta 2003 bukaeran jarri zituen martxan 2003-2007ko Plan Estrategikoa eta 2004ko Kudeaketa Plana—, Zestoa, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Orio), baina iritsi da Hitzaren diru laguntza eskaerari erantzuteko garaia, eta orain arte jaso ditugun erantzunen arabera, Zestoako eta Getariako udalek ez diote eurorik emango Hitzari; Aizarnazabalgoak bai, eskatutakoa. Ikusi egin behar aste hauetan beste udalek zer dioten...

Zazpi hilabete dira egunkari hau sortu genuenetik, baina oraindik ere batzuen aurrean proiektu honen izaera, ezaugarriak eta garrantzia azpimarratu beharrean gaude.

UROLA-KOSTAKO HITZA egunkaria. 2004ko otsailaren 20an sortu zen Urola-Kostako Hitza, eskualdeko herri aldizkarien euskara elkarteen [besteak beste, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadoraren], Bertako Hedabideen (Euskarazko Komunikazio Taldekoa) eta Urola-Kostako gizarte eragileen artean [horietatik 4 Azpeitikoak], eta honatx egunkariak harrezkero 163 zenbakietan egin edota lortu duena:

  • Eskualdeari buruz informatzen du. [Normalean, Azpeitiak orrialde bat du egunero]
  • Euskarazkoa da.
  • Astean sei aldiz banatzen da, eskatzen duenari.
  • Eskualdean egunero 7.000 ale banatzen ditu Hitzak; tirada goraka doa. [Azpeitian egunero 2.200 ale banatzen dira, eta helburua 2.300 banatzea da]
  • 8 orrialdekoa da. Batzuetan 12koa. Herri informazioa euskaraz egunero prentsan ematean eskualdean zegoen hutsunea betetzeko sortu zen Hitza.
  • Bere oinarriak: euskaltzalea, plurala eta orekatua, baterakoia, parte-hartzailea, independentea, eta konprometitua eta profesionala.
  • Egunkariaren 100. zenbakian Hitzaren harpidedunen artean inkesta egin zen:

    %76k diote Hitza egunkari “ona” dela. %23k “oso ona” dela.

    %87k diote “erraz edo oso erraz ulertzen” dutela.

    %75ek diote “eskualdeko aniztasuna ondo errespetatzen” duela Hitzak (%21ek diote ez dakitela edo ez dute erantzun). %4k baino ez diote “ez” duela “ondo errespetatzen”.

    %85ek diote “erakundeen diru laguntza behar” duela. Ezezkoa, %2k.

EBPN eta UROLA-KOSTAKO HITZA. Euskara

Biziberritzeko Plan Nagusiaren “helburu nagusia, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea”.

Hauek dira EBPNren “Plan Estrategikoaren hiru helburu estrategikoak:

  • 1. Euskara ondorengoetaratzea (...).
  • 2. Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza (...).
  • 3. Euskararen elikadura: hedabideak...”.

EBPN eta hedabideak.

  • Hauxe dio EBPNk: “Komunikabideen garrantzia gero eta handiagoa denez, euskarazko komunikabideak hizkuntza-normalizazioaren arlo estrategikotzat jo behar ditu administrazioak”. EBPNren hirugarren ardatz estrategikoak dio euskarazko komunikabideek “lehentasun altua” dutela eta “toki mailako euskarazko komunikabideak sustatu eta landu” egin behar direla.

Hauek dira Urola-Kostako Hitzaren helburuak, proiektuan jartzen duen bezala:

  • “Euskara, euskararen inguruko mugimenduak eta euskaltzaletasuna sustatzea eta laguntzea.
  • Euskararen normalizazioa eta garapena lortzeko baliagarri izatea.
  • Herritarrei eta taldeei hitza ematea.
  • Urola-Kostako euskarazko komunikabideen elkarteen eta Euskal Herri mailako euskarazko egunkariaren erakundearen artean elkar ezagutza handiagoa lortzea, guztien artean eskualdeko informaziorako Urola-Kostan erakunde bakarra eta sendoa sortzea, proiektu berrietarako akordioak lortzeko eta elkarrekin lan egiteko.
  • Euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzea”.

Beraz, guk uste Urola-Kostan euskara zabaltzeko eta indartzeko, eta euskararen normalizazioa lortzeko bidean, helburu egokiak direla Hitza egunkariarenak.

  • EBPNk 1998an zioen “euskarazko herri aldizkariak baino ez” direla iritsi “irakurleria zabal batengana”, eta “euskarazko prentsa erdarazkoaren mendekoa” dela.

Urola-Kostako Hedabideen ustez, gure eskualdeko euskarazko herri aldizkariek (beste eskualdeetakoek bezala) oso lan ona egin dute eta egiten dute. EBPNk 1998an hori esan zuenean, Euskal Herrian ez zegoen eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkaririk, eta logikoa zen hori esatea. Harrezkero, ordea, errealitatea bestelakoa da, gaur egun badaudelako eguneroko euskarazko herri/eskualde egunkariak: Hernaniko Kronika eta lau Hitza —urritik aurrera bost, Goierrin sortuko delako—. Gure eskualdeari gagozkiola, Urola-Kostako Hitzaren sorreraz geroztik, Hitza bera ez da “erdarazko prentsaren mendekoa”. Arrazoiak:

  • Dagoeneko eskualdean gehien banatzen den egunkariaren pareko tirada du Hitzak, eta laster lortuko du egunkaririk zabalduena izatea [Azpeitian lortua du, 2.200 banatzen dituelako, eta El Diario Vasco egunkari erdaldunak 1.300]. Beste Hitzekin gertatzen den bezala, euskarazko eguneroko prentsak inoiz lortu ez duena da hori.
  • Urola-Kostan Hitza da eskualdeari buruz gehien informatzen duen egunkaria, eta irakurleen ustez, “egunkari ona da”.
  • EBPN: “Jokaera enpresarial egokiaren aldeko apustua egin behar du prentsak. Produktu desberdinak eta merkatuan lehiatzeko modukoak eskaintzea ezinbestekoa da. Gobernuak [Eusko Jaurlaritzak] sektore ekonomiko bat dela onartu eta enpresa-trataera eman behar dio”.

Urola-Kostako Hedabideak ados dago: egitura eta produktu sendoen beharra du euskarazko prentsak, eta, beraz, Urola-Kostako Hitzak ere bai. Baina horretarako, baliabide ekonomikoak behar dira. Salmenta (harpidedunei borondateko diru laguntza eskatzeko asmoa dugu: 40-50 euro urtean, egunkaria 285 aldiz etxean jasotzeagatik; seguru gaude babes handia jasoko dugula), publizitatea (goraka goaz) eta diru laguntzak dira euskarazko prentsaren hiru diru baliabide garrantzitsuenak.

Diru laguntzen kasuan, ordea, gure ustez gaur egungo politika ez da egitura enpresariala sendotzeko egokiena. Oro har, ideia nagusi bat dute oinarrian laguntza horiek guztiek: euskarazko produktuak ez dira errentagarriak, urtero defizita sortzen dute, eta horri aurre egiteko gehienez ere defizita estaltzeko adinako laguntza emango da (kasu batzuetan ezta hori ere, Hitzak urtean biztanleko hiru euroko laguntza eskatua duelako eta, oraingoz, udal batzuek ez dutelako batere lagunduko). Defizita estaltzeko politika horrek ez du bide ona eskaintzen enpresa egitura sendotzeko, urteroko diru-sarrerak, jarduerari aurre egiteko baino gehiago ez duelako eskaintzen.

Beste era bateko planteamendua beharko litzateke; proiektu berriak, bideragarriak diren neurrian, enpresa sendotzera begirako laguntza jaso beharko luke lehen urteetan, eta bere bidea egin ahala defizita estaltzera bakarrik bideratu, laguntza publikoak urteko aurrekontuan gero eta pisu txikiagoa izateko modua jarriz, baldin eta proiektu berririk ez badu enpresak (‘defizita’ diogu, kontuan hartu behar baita euskara ez dagoela normalizatua: prentsan, adibidez, euskaldunen gehiengoak ez du euskarazko produktuak erosteko ohiturarik...). Gure planteamendu hori sektorearen eta instituzioen artean landu eta adostu beharreko gaia da, bestela beti ibiliko baikara urtero itota horrela dabilen egiturarekin.

Urola-Kostan Hitzak bide ona eta garrantzitsua zabaldu du, eta bada garaia eskualdeko erakunde publikoekin diru laguntzen kasuan behar bezalako adostasunera iristeko (Urola-Kostako Hitzak 2004an 631.000 euroko aurrekontua du).

Udal diru laguntzak. Eskualdeko udal bakoitzari urtean biztanleko hiru euroko diru laguntza eskaera egina diogu [Azpeitiko Udalari, beraz, 40.000 eurokoa]. Proiektu honek, hasieratik sendotasuna izateko, behar duen laguntza da, arrazoi hauegatik:

  • Euskararen normalizazioari ekarpen handia egiten dio Hitzak.
  • Gaurko gizartean komunikabideen alorra estrategikoa da, Euskal Herriak euskarazko komunikabide indartsuak behar ditu, eta bide horretan eta euskarazko komunikabideen erreferentzialtasuna lortzeko bidean, pauso handia da Hitza.
  • Herritarrei zerbitzu informatibo handia ematen die Hitzak.
  • Herriko eta eskualdeko plaza da Hitza, elkar ezagutzarako eta integraziorako bide ematen du; betiere egunkaria bera pluraltasunean oinarrituta.