Udaleko EAJko eta EAko taldeek kezka agertu dute Garzonek inputatutako hautetsien inguruan

Uztarria.com | Udala
2004ko abu. 31a, 18:08

  • Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal hautetsien Bilkuraren aurka irekitako sumarioaren inguruan EAJk eta EAk osatzen duten Udalbiltzak ateratako idatziarekin bat egin dute Azpeitiko Udaleko EAJko eta EAko taldeek.
  • Udalbiltzak "benetako kezka agertu du" Espainiako Estatuko botereen eskutik sortu den dinamikagatik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal Hautetsien Bilkuraren aurka irekita duen sumarioan, bihar eta etzi, hango zenbait kide eta haien artean Miren Odriozola (azpeitiarra, ostegunean deklaratuko du) deitu dituela eta, Azpeitiko Udaleko EAJ/PNV eta EA taldeek, alderdi horiek osatzen duten Udalbiltzak argitaratu duen komunikatuarekin, bat egitea erabaki dute.

Hona oso-osorik ateratako idatzia:

"Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal Hautetsien Bilkuraren aurka irekita duen sumarioan, hurrengo egun hauetan bertako zenbait kide deklaratzera deitu dituenez, ETAko kide izatearen akusaziopean, UDALBILTZA-k, zera adierazi nahi du:

-Bere benetako kezka Estatuko botereen eskutik sortua den dinamikagatik. Inkisizio berria suertatzen ari den dinamika honen arabera, ez da gehiago ETAren ingururik. Orain dena da ETA.

Egiteko modu honetan errugabetasun presunziorik ez da aplikatzen. Euskal gizartearen arlo ugari, kultura zein politika eta giza zenbait ordezkari, erakunde, enpresa eta beraien zuzendari zein babesle beste inolako frogarik gabe arbuiatu, iraindu, boikoteatu eta azkenik kriminalizatu egiten dira. Komunabide zein enpresak interbenitu, beraien arduradunak auziperatu eta atxilotu.

Prozesu hauen ezaugarri dira ziurtasun juridiko eza, epaiketarik gabe urtetako epe luzeek sortzen duten defentsa gabezia eta behin betiko epairik eza. Prozesu hauetan demokrazi batek berezko dituen eskubide zein askatasunak urratu eta baliogabetu egiten dira, urraketa hauek jasaten dituzten pertsonengan sortzen diren kalteak konponezinak bihurtuz.

-Bere uste osoa, Euskal Herrian pakea eta elkarbizitza ez direla ez inposaketa, ez inkisizio, ez erantzun bortitzen eskutik etorriko. Ezta norberak defendatzen duen proiektu politikoaren lorpena ere. Hauek zalantzarik gabe modu eta bide demokratiko zein hiritarren borondatearen eskutik etorriko dira.

Euskal Herrian, 2004ko abuztuaren 31n".

Bidali:  

Erantzunak

SOLIDARIOEKIN SOLIDARIO | 2004-09-01 : 13:09

Ez zait normala iruditzen PNV-k eta EA-k ezker abertzalearekiko duten jarrera. Horrelako eraso zentzugabe eta anker baten aurrean ere ez dira gai Ezker Abertzalearen ondoan agertzeko. ELA, LAB, eragile mordoa, Pello Zabala,... hauetako inork ez du arazorik "Guztiok batera erantzungo dugu" jarrerarekin bat egiteko. Baina EA eta PNVk ez. Eta nire galdera da: zergatik? ETA jarriko dute beste behin aitzakiatzat? Ezker Abertzalea ez dela kondenatan sartzen?
Nire ustez, hori aitzakia da. Eta errealitatea, Ezker Abertzalea isolatu nahi dutela. Noski, Udalbiltzaren aurkako erasoaren aurrean, erantzun beharrean aurkitu dira, baino ezker abertzalearen ondoan nola ba? hori haiei arnasa ematea litzateke, ez, Josu Jon? Hori, Espainiar terrorismoaren ondorioz, zuek inoiz salatu ez duzuen espainiar terrorismoaren ondorioz erdi hilda omen dagoen Ezker Abertzaleari bizia ematea litzateke, ez, Atutxa? Hori, benetan Euskal Herria eta ez baskongadak erreferentziatzat duen erakunde bat indartzea litzateke, ez, Ibarretxe? Eta Azpeitiko alkateari galderatxo bat, inongo intentzio txarrik gabe. Zuen Udalbiltzako lehendakaria izatearekin lotsa punturi ez al duzu sentitzen? Zertarako dago, gero Ibarretxek argi esaten badu eztabaidagune bakarra eusko legebiltzarra dela? Eta Nafarrek? Eta Lapurtarrek? Eta Xuberotarrek?
Zertarako mantentzen duzue sinesten ez duzuen erakunde bat? Egitan diotzuet: norbere txilborrari begira dabilen politiko sasi-abertzalea baino gauza trixteagorik ez dago Euskal Herrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu