Iosu Segurola: "Ilusioa egiten dit Dolomitetan korritzeak"

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 23a, 13:07
  • Gaur abiatuko da Josu Segurola txirrindularia Dolomitetako Girora; Euskal Herria ordezkatuko du

ESAIT-ek aurten aurreneko aldiz antolatu duen Zikloturisten Saria irabazi ondoren, Euskal Herria ordezkatuz Josu Segurola txirrindulari azpeitiarra, Tomas Arzubialde donostiarrarekin batera Dolomitetako Giroa korritzen izango da. Gaur, 18:00etan abiatuko dira Euskal Herritik eta uztailaren 25 eta 31 artean izango da.

Dolomitetako Girora joateko aukera hau nola jaso duzu?

Aurten Gipuzkoako txalengea egin nahi nuen, baina justu aurten proba asko bertan behera gelditu dira. Neuk bestelako helburu batzuk nituen jarrita; hala ere, ESAIT-en kontu honek ilusioa egiten zidan. Orainarte egun bakar bateko probetan aritu naiz. Orain, aldiz, bost eguneko proba batean parte hartzeko aukera dut, gastu guztiak ordainduta eta arropak emanda. Zazpi egunerako Dolomitatara joateak izugarrizko ilusioa egiten dit.

Bost eguneko proba da, baina ze ezaugarri ditu?

Oso proba zorrotza dela esan didate, portu gogorrak dituena eta lasai hartzeko. ESAIT-ekoek komentatu didatenez Euskal Herritik ordezkaritza bat eramatea nahi zuten eta hori lortu dute. Niri izugarrizko ilusioa egiten dit; probatzeko gogoa daukat.

Azkena egin dituzun probak zeintzuk izan dira?

Sabiñanigokoa egin nuen eta ondoren, ekainaren 27an, ESAIT-en sarian puntuagarria zen, Baiona-Donostia-Baiona egin nuen, eta azkena, uztailaren 17an, L’Angliruko igoera egin nuen Asturiasen.

Herriko jaietan Dolomitetan izango zara, faltan botako al dituzu?

Urte guztian bizikleta gainean egiten dugun lana izugarrizko sakrifikazioa da; pena pixkat ematen du herriko jaietan eta kanpora joan beharrak, baina Dolomitetako Giroak ere izugarrizko ilusioa egiten dit, festak urtero hor daude eta hurrengo urtean ez dakit hara joaterik izango dudan. Gainera, udan festarik ez da faltako.